Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Giroa berotzeko hainbat ekitaldi egin ostean, prest dira sanandresak Azkoitian. Ohiturari jarraituz, euskal tradizioak jantziko ditu herriko kaleak, eta herritarrek hamaika ospakizunekin gozatzeko aukera izango dute. Aurten, gainera, igande iluntzean musika kontzertua izango da plazan, Tximeleta taldearekin.
Igandean izango da San Andres Eguna, eta udalak ohiko egitaraua prestatu du ordurako. Herriko plaza izan ohi da herriko bilgune, baserritarrez jantzita, ehunka lagun elkartzen baitira goizetik taloak jatera, animaliak ikustera eta herri kirolez gozatzera. Beti bezala, postuak jarriko dituzte herriko plazako eta Ikurrinaren Plazako arkupeetan, eta jan-edana izango da nagusi egun osoan zehar. Herri kirola beste protagonistetako bat izan ohi da egun horretan, eta azken urteetan bezala, aurten ere gizonezkoek eta emakumezkoek hartuko dute parte saioan. Aizkoran, Joxe Mari Olasagasti eta Iñaki Azurmendi arituko dira, eta Idoia Etxeberria eta Jon Unanue Goenatxo II.-a harri-jasotzaile gazte oriotarrak eta azkoitiarrak osatuko dute erakustaldia.
Umeentzat ere egun berezia izaten da sanandresetakoa. Askok dakite zer den kaleetan herriko eraikin esanguratsuenak eta bestelako txokoak marrazten aritzea, eta aurten ere ez du hutsik egingo Marrazki eta Buztin Modela Lehiaketak. Txuri Urdin elkarteak antolatu du hogeita hamahirugarren aldiz, eta oraingoan lau eta hamalau urte bitarteko 850 haurrek hartuko dute parte lehiaketan. 09:30ean joan beharko dute Jausoroko elkarte ondora, materiala jasotzera. Adinaren arabera, marrazkiak, margolanak eta buztinezko irudiak egingo dituzte, eta 12:30ean aurkeztu beharko dituzte elkartean. Arratsaldean, sari banaketa egingo dute, eta lan saridunak Etxebeltzen jarriko dituzte ikusgai.
Sanandresen bereizgarri izaten dira horiek guztiak, eta baita Kontzejupe Sariaren finalak ere. Oteiza elkarteak antolatuta, hamar pilota partida jokatuko dituzte, eskuz banaka eta binaka. Hiru partida zazpi urtetik 11 urtera bitarteko neskena izango dira, eta beste zazpi saioetan zazpi eta 26 urte bitarteko mutilak lehiatuko dira. Urtarrilean hasi zen Kontzejupe Saria, eta dozenaka lagunek hartu dute parte bertan.
Horrez gain, San Andres Idi Dema Saria jokatuko dute hiru egunetan. Honakoak izango dira kintopekoetan lehiatuko direnak, Gurea udal probalekuan: Enaitz Oliden, Miranda, Isidro Erretegia, Goieta, Izeta, Elordui, Mintegi baserria, Aratz Oliden, Lopategi eta Txertudi.
Festak direla-eta, Urbanue herri barruko autobusak ordutegi berezia izango du; igandean, San Andres Egunean, zerbitzua egongo da, eta larunbateko ordutegia (goizez) izango du. Astelehenean, berriz, ez da zerbitzurik egongo, herrian jai eguna dela eta.