Urteroko batzarra egin zuen atzo Iraurgi Saskibaloi klubak

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 27a

Klubeko zuzendaritza taldea eta lan talde ezberdinaetako kideak (Argazkia: Iraurgi SB) 118 bazkide, guraso eta jarraitzaile bildu ziren atzo Soreasu antzokian eta Iraurgi Saskibaloi klubetik diotenez batzar "arrakastatsua" izan zen. Hainbat gai landu zituzten bertan, eta horietako bat klubeko lehenengo taldearen babesle berria izan zen: "Babesle horri esker aurten diru kopuru gehiago izango du klubak" azpimarratu zuten klubekoek. Hala ere, babesle berrien bila jarraitzen dute eta baita ere "babes" hori egiteko modu berrien bila ere. Klubaren zuzendaritza berriaz ere aritu ziren atzo. Bertan Iñaki Uria klubeko lehendakari ohiak agintea pasatu zion gaur egungoari, Maier Lizasori. Klubak lan egiteko erabiltzen duen modua "puntu garrantzitsua" dela esan zuten: "Klubeko arlo guztiak landuta izateko hainbat talde osatu ditugu eta zuzendaritza osatzen duten taldearekin elkarlanean arituko da talde bakoitza". Lehenengo taldean talde teknikoa, teknifikazio taldea eta eskola kirola aurkitzen dira besteak beste. Bigarrengoan, berriz, jarduerak antolatzeko taldea eta publizitatea daude. Klubarentzat iazko denboraldia "ona" izan zela azpimarratu zuten, eta "urte historiko" honetan lorpen handiak lortu dituztela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide