Euskal Herriko itsas ondareaz eta horrek etorkizuneko proiektuetan izan dezakeen garrantziaz arituko da Jon Maia (Urretxu, 1972) gaur 19:00etatik aurrera Zarauzko Modelo aretoan. Albaola Itsas Kultur Faktoriako kideak Euskal Herriko itsas ondare ezkutuaren pintzeladak azalduko dizkie bertaratzen direnei.
Zergatik ikusi duzue beharrezkoa hitzaldi bat ematea itsas ondarea balioan jartzearen inguruan?
San Juan baleontziaren berreraikuntza egiten ari gara Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. Proiektuan oinarrituta, pentsatu genuen interesgarria zela zabaltzea proiektua nola ulertzen dugun, zer helburu dituen, nola egituratu dugun, nondik datorren eta inguruarentzat zertarako balio duen. Urola Kostako kultura eta turismo teknikariak eta zinegotziak Albaolara gonbidatu genituen proiektua erakusteko, eta eredu horretatik abiatuta eskualdeko herrietan itsas ondarea oinarri hartuta zein aukera dauden ikusi zuten.
Eta hor kokatzen da hitzaldia.
Urola Kostako zenbait herritan bazuten nahia tokian tokiko itsas ondarea balioan jartzeko eta itsas ondaretik proiektuak sortzeko, eta pixkanaka hainbat jarduera antolatu dituzte gai horren bueltan;
hitzaldi ibiltariak, esaterako. Badirudi gure historian eta identitatean oinarrituta etorkizuneko proiektuak sortzeko gogoa ari dela sortzen eragile eta herritarren artean. Hitzaldia estrategia horren barruan kokatzen da.
Euskaldun identitatea askotan baserri giroarekin erlazionatu izan da. Itsas ondarea alde batera utzi al da?
Jakintza da giltza herri baten identitatea sortzeko garaian. Euskaldunok euskal nortasuna baserriaren bueltan irudikatu izan dugu, eta hori arrazoi askogatik izan daiteke. Gure etnografo garrantzitsuenek, Barandiaranek, Aranzadik edo Barojatarrek baserri giroa aztertu zutelako; lurra aztertzea itsas hondoa aztertzea baino errazagoa delako; edo Espainiak bere inperioa itsasoan galdu zuenez, itsasoa historiaren bazter batean geratu zelako. Askotan iruditzen zaigu itsas ondarea arrantza eta ontzigintza direla, baina hortik haratago, lurraldea antolatzeko sare oso bat zegoen Euskal Herrian.
Nolakoa zen lurraldea antolatzeko sare hori?
Kostaldeko jarduera izozmendiaren punta bakarrik zela esan dezakegu. Euskal Herri osoa baitzegoen egituratuta itsasoari begira. XVI-XVII. mendeetan Euskal Herria bere garaiko herririk aurreratuenetakoa izan zen. Ez zen herri nekazaria, industria eta teknologia herria baizik. Pirinioetatik hasi eta kostalderaino, industria eta teknologia sare handia zuen Euskal Herriak. Guri gustatzen zaigu esatea hemen egiten zirela garaiko koheteak. Dena dela, hori ez zen kasualitatez gertatu, Euskal Herrian ontzigintzarako beharrezkoa zen lehengaia eta hori transformatzeko industria moderno guztia baikenuen. Basoak ontzigintzarako diseinatuta zeuden, baita basoetako lan jarduera eta espezialista guztiak ere. Burdinolak eta mehategiak genituen, baita mehategietako mineralak eraldatzeko beharrezkoa zen energia ere; gure bailara estuetako indar hidraulikoak –errekek eta ibaiek– tonak pisatzen zituzten mailuak mugitzen zituzten burdinoletan. Horretaz gain, garraiolariak, mailegu-emaileak eta inbertsoreak zeuden.
Urola Kostan sare horren adibide adierazgarririk ba al da?
Kostaldeko herrietan ontziak eraikitzen ziren, baina zoritxarrez, ontziola horiek galduta ditugu. Zumaia, esaterako, hamahiru ontziola izatera iritsi zen baleontziak eraikitzen ziren garaian, eta ehundaka pertsonek lan egiten zuten horietan. Orion geratzen da oraindik ontziola bat, baina galzorian dago, Mutiozabalenekoa. Zergatik ez dugu eraikitzen ontziola bat bisitarei eta bertakoei historia hori transmititu ahal izateko? Arotz ontzigilearen ofizioa ere galduta dago egurrezko itsasontzirik egiten ez denetik. Hala ere, geratzen dira itsas ondare horren aztarnak. Aiako Agorregi burdinola eta errota da adibidea. Basoaren erdian dagoen burdinola ikusgarria da, eta garaiko Euskal Herriko industriaren erakusle bikaina da. Getarian, berriz, bizirik dagoen arrantza jarduera dago. Arakatzen hasiko bagina gauza gehiago bilatuko genituzke; dena aztertzeke dago.
Albaola proiektuaren bidez Donostia 2016 egitasmoan murgilduta zaude. Zein da zure lana?
Nire lana Donostia 2016 kultur hiriburutzaren proiektua lurraldean hedatzea eta lurraldeko eragileek bertan parte hartzea lortzea da. San Juan baleontziaren proiektua Donostia 2016 egitasmoko proiektu nagusienetakoa da. San Juan baleontziaren eraikitze prozesuaren bueltan sare bat eraiki dugu. Alde batetik, San Juan baleontziaren hornitzaile sarea dago; baleontziak egiteko erabiltzen ziren materialak garai hartan bezala egiten jarraitzen duten eragileak dira. Eta bestetik, kolaboratzaile sarea dago, itsas ikuspegia ematen duten ondare ekipamenduak daude hor; tartean dago Aiako Agorregi burdinola.
Euskal Herriko itsas ondare horretaz baliatu al gaitezke gaur egun ?
Iragana ezagututa, etorkizuneko garapen proiektuak eraiki ditzakegu. Horretarako, jakintza ezinbestekoa da. Geure historiaren jakitun izan behar dugu, eta balioan jarri behar dugu, horrek ekarriko baitigu identitatea indartzea eta geure berezitasunetan oinarritako turismo eredu bat. Garapen soziekonomikorako bide garrantzitsua izan daiteke.
Nola?
Sakanan, esaterako, basoen eta zelaien inguruko kultura eta turismo eredu ekologikoa lantzen ari dira. San Juan baleontziari esker jakin dute Sakanak zein harreman zuen itsasoarekin. Ontziolen egur hornitzaile nagusienetakoa zen bailara, eta hortik abiatuta, Altsasuko Udalarekin elkarlanean baso batean ibilbide interpretatu bat sortu dugu. Bertan, bisitariek ikus dezakete zuhaitzak nola diseinatzen zituzten soken eta kimaketa berezien bidez baleontzietako zatiak egiteko; zuhaitzen bila ibili beharrean, piezak basoan diseinatzen zituzten, seriean, industria modernoan egiten den bezala. Eta jakin dugu Sakanako zenbait udaletxetako alkate makilak balearen bizarrekin eginak direla.