Boluntarioak behar dituzte Zarauzko Negu Etxerako

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 27a

Astelehenetan zabalduko dute Zarauzko Negu Etxea eta udaberrira arte izango da irekita. Aurten hainbat aldaketa izango da. Izan ere, 2014-2015 denboraldian RAIS elkarteak kudeatuko du gune hori. Aurreko urteetan Caritasek kudeatu izan du. Aldaketa horrekin, bertako zerbitzuaren "profesionalizatuko" dela nabarmendu dute Zarauzko Udaletik. "Horri esker, gaiaren eta lan egingo den kolektiboaren inguruan esperientzia zabala duten profesionalek egingo dute bertan lan".  Eremua koordinatzeaz, birgizarteratze prozesuez eta zaintza lanez elkarte hori arduratuko bada ere, beharrezkoa izango da boluntarioen laguntza. Lagundu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuekin (Zigordia kalea  33, behea helbidera joz eta  943- 00 51 11 telefonora deituta) jarri daitezke harremanetan. Etxerik gabeko pertsonak hartuko dituzte Aldundiak Igerain aterpetxearen atzealdean duen etxe horretan, negu gorrian babesean igaro dezaten gaua. Lo egin, dutxatu eta arropa garbitzeaz gain, beste hainbat zerbitzu eskainiko dizkiete etxegabeei bertan. Afaria eta gosaria emango zaie, eta gainera, egunean zehar bazkaritarako ogitartekoak eskuratzeko aukera izango dute, Zurekin Zarauzko Ostalari elkarteko hainbat kideren eskutik. Hiru egun eman ahalko dituzte bertan, gehienez. Denbora hori beteta, astebete itxaron beharko dute erabiltzaileek bertara itzuli ahal izateko. Dena den, neurri hori malgua izango da, erabiltzaileak gizarteratze prozesua hasi nahi badu.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide