Indarkeria matxistaren aurkako egunean, elkarretaratzeak egin dituzte

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 26a

Elkarretaratzea, atzo, Azpeitian
(Miriam Tamayo) Azaroaren 25ean, ekintza ugari egin zituzten eskualdean, emakumeek jasaten duten indarkeria salatzeko. Besteak beste, elkarretaratzeak egin zituzten dozenaka herritarrek atzo arratsaldean. Azpeitian, Autodefentsa feministaz, lehertu! lelopean egin zuten elkarretaratzea, Bilgune Feministak antolatuta. Bilgune Feministak irakurketa egin du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren eguna dela-eta, eta nabarmendu du "beti bezain garrantzitsua" eta "inoiz baino beharrezkoagoa" dela borroka feminista. Hiru emakume hil dituzte Euskal Herrian aurten, eta ekintza horiek salatu dituzte. Kezka adierazi dute gazteen arteko indarkeria sexista hazten ari delako, eta indarkeria guztiak salatzen jarraituko dutela esan dute. "Ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak eta ez gara instituzioetatik bultzatzen diren neurri asistentzialekin konformatzen", azaldu dute. Hori dela eta, komunikabideen zein instituzioen papera ere ezbaian jarri dute, emakumeen aurkako indarkeria sexistaz trataera "estereotipatua eta sinplifikatua" egiten delako. Horren aurrean zera adierazi dute, "kolektiboki" jarraituko dutela erasoei erantzuna ematen. Azkoitian, berriz, Emakumeen Mahaiak antolatuta egin zuten elkarretaratzea, eta udalak bat egin zuen protestarekin. Azkoitiko elkarretaratzea
(Azkoitiko Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide