Zarauzko EH Bilduk herritarrekin osatuko du udal hauteskundeetarako programa

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 26a

Zarauzko EH Bilduk herritarrekin batera osatu nahi du datorren urteko udal hauteskundeetarako herri programa. Horretarako, Puntuz Puntu deituriko prozesua abiatu du. «Badirudi azkenaldian eta hauteskundeak iritsi ahala alderdi politiko askok partaidetza hitza darabilela ahoan. Baina, partaidetza zertarako?», galdetu du Xabier Vazquezek, Zarauzko EH Bilduko ordezkariak. «Hortxe dago koska. Guk Zarauzko eredua eraldatu nahi genuela esan genuen eta horretan dihardugu, beti ere, herritarren eskutik. Baina jakin badakigu lau urteren buruan bakarrik ezin dela horrelako aldaketa bat eman, horregatik datorren legegintzaldira begira ere lanean jarraituko dugu zarauztarren papera ahaldunduz», ohartarazi du. Larunbatean egingo dute lehenbiziko ekitaldia.  11:00etan izango da herritarren arteko topaketa, Aritzbatalde kiroldegian. Vazquezek adierazi duenez, Zarautz «eraldatzen» jarraitu nahi du EH Bilduk, «zarauztarra erdigunean duen poitikak sustatuz»: «Azken batean, parte hartzearen kultura errotu nahi izan dugu Zarauzko kaleetan, herritarra izan behar delako, aldi berean, politiken subjektu eta baita jatorria ere». Hain zuzen,  EH Bilduk nabarmendu du «oso garbi» duela zein herri mota nahi duen: «Zarauztarra erdian zuen herria nahi genuen eta horri begira egin dugu lan instituzioetan, udalaren bitartez eta baita koalizioan ere». Konpromiso horri helduz abiatu dute dinamika berria, eta otsailera arte iraungo du. Larunbateko bileraren ondoren, herriko arlo ezberdinetako eragileekin bilduko dira EH Bilduko ordezkariak. Horrez gain, bost auzotan ere topaketak egingo dituzte, auzo bakoitzak zein behar dituzten aztertze aldera. Hori dela eta, «pizten» ari diren «Zarautz berri honetan» lagundu nahi duten zarauztar oro dinamikan parte hartzera gonbidatu dute. «Parte har dezala Zarautz aldatzeko hartu dugun bidean».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide