Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako Arroabeko ikastetxean bost eraikinetan daude banatuta auzoko umeak. Hiru lekutan eskolak eskaintzen dituzte, beste areto batean soinketa eta psikomotrizitate saioak egiten dituzte, eta haren alboan, Kultur Etxeko zati batean, jangela dute. 200 metrok banatzen ditu alde bateko eta besteko eraikinak, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 67 ikaslek egunero egin behar dute distantzia hori. Jolastokia, gainera, auzoko plaza eta parkea dira. Handik metro gutxitara N-634 errepidea dago, eta horrek sor ditzakeen arriskuez jabetuta, kanpaina abiatuko dute etzi Eusko Jaurlaritzak eraikin berria egiteko urratsak eman ditzan.
Ainara Urbieta eta Miriam Aizpuru guraso elkarteko lehendakaria eta kidea dira, eta ikastetxeak bizi duen egoera salatu dute: «Oso zaharkituta dago eraikina, baina gehien kezkatzen gaituena umeen segurtasuna da, ez baitago leku itxi batean», esan du Aizpuruk. Egoera onartezina dela azpimarratu dute, «umeek alde egitea oso erraza dutelako». «Itxiturarik gabe umeak ez dira jabetzen zer muga dituzten, eta antolaketa honekin ezin da hesirik jarri, auzoa bera itxi beharko luketelako».
Ataritik metro gutxitara daukate errepide nagusia, eta auzoko errepide bakarra ere ondoan dago. Ezbeharrik ez, baina dagoeneko bi gertaera izan dituzte: aurreko ikasturtean bi urteko ume bat bere kabuz bere etxera joan zen, N-634 errepidea gurutzatu ostean. Aurten, berriz, beste ikasle bat falta zela ohartuta, plazan aurkitu zuten. Orduko salaketak jarrita dauzkate Jaurlaritzan, «ardurak eskatzeko», baina guraso elkartekoen arabera, erantzun ofizialik ez dute jaso. «Inpotentzia» sentitzen dute ikastetxeko gurasoek eta irakasleek: «Argi dugu ardura Jaurlaritzarena dela. Iraskasleentzat arazo handia da, ezin dituztelako ume guztiak zaindu. Nahikoa da ume bati komunera laguntzea, irakasle bakarra geratzeko ardura guztiarekin».
Premiazkoa eta presazkoa
Premiazkotzat eta presazkotzat jo dute Jaurlaritzak ikastetxe berria egin dezan pausoak ematea, «berandu baino lehen». «Eraikin itxi bat eskatzen dugu, mugekin, umeek argi izan dezaten hori dela ikastetxea». Izan ere, urte gutxitan laukoiztu egin da ikasle kopurua, eta horrek arazoa gehiago azaleratu du. Langile gehiago edukitzeko eskariak egin izan dituzte, eta aurten langile bat gehiago jarri diete, lanaldi erdiarekin. «Duela bi urte etxolak jarri zituzten, leku faltagatik. Baina neurri horiek petatxu txikiak dira, benetako arazoak oraindik jarraitu egiten du, ez baita umeen segurtasuna bermatzen», esan du Aizpuruk.
Auzoan ikastetxe berria eraikitzeko prozesua hasita dago; egungo etxolen atzeko zelaia utzia dio udalak Hezkuntza Sailari, eta txostena egina du ikastetxeak. Guraso elkartearen arabera, Jaurlaritzak onartu du «behar erreala» dela Arroabekoa, baina ohartu dira proiektua alboratuta daukatela: «Jaurlaritzarekin egon garenean, ez zeukaten txostenaren berririk. Ez dakite zer dagoen egina, eta zer ez», esan du Aizpuruk.
Urbietak, berriz, honakoa gaineratu du: «Jaurlaritzak badauka plan bat zehaztuta ikastetxeetako lanei buruz. Izugarrizko zerrenda da, eta Arroakoa amaieran agertzen da». 2017an egiteko proiektuen artean dago auzokoa, baina ez dute uste hori benetakoa denik, besteak beste aurrekontua txikitu egin dutelako, eta atzeratzea eragingo lukeelako. Egoeraren aurrean, estutu egin dira auzoan, eta Jaurlaritzari presio egiteko kanpaina hasiko dute. «Herri mugimendutik hasi nahi dugu, erakundeekin elkarlanean, prozesua orain hasi dezaten».
Etzi ekitaldi bat egingo dute 18:00etan. Egoeraren berri ematearekin batera, Gaztainerre Eguna egingo dute. Ahalik eta leku gehienetara zabaldu nahi dute beren egoera, «erakusteko kezka guztiona dela». Esan dute babes handia dutela auzoan, eta bizilagunek bere egin dutela arazoa.