Gaur egungo kazetaritzaz hitz egin zen Uztarriak antolatutako mahai inguruan

miriam tamayo 2014ko azaroaren 26a

Ezkerretik hasita: Fernandez, Esnaola, Albizu, Zinkunegi eta Arbelaitz. (Miriam Tamayo/Hitza) Uztarriaren 15. urteurrenaren harira, gaur egungo kazetaritzaren inguruko mahai ingurua antolatu zen atzo Sanagustin kulturgunean. Hizlari aritu ziren Luistxo Fernandez Codesyntaxeko kidea; Enekoitz Esnaola Berria egunkariko kazetaria; Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetaria eta Nekane Zinkunegi Info7-ko kazetaria. Eneritz Albizu Uztarria-ko kazetariak egin zituen moderatzaile lanak. Hainbat gai izan zituzten hizpide. Batetik, gaur egungo kazetaritzan sare sozialek duten eraginaz hitz egin zuten, eta tresna hauen bitartez "informatzeko modua aldatu" egin dela azpimarratu zuten. Nekane Zinkunegik nabarmendu zuen bere ustez bereiztu egin behar dela kazetariaren eta komunikatzailearen arteko irudia. "Twitter beharrezkoa da, baina ondo erabiltzen baduzu", gehitu zuen Enekoitz Esnaolak. Etorkizunari begira, paperezko egunkariak "amaituta" daude Luistxo Fernandezen esanetan. Lander Arbelaitz kazetariak, berriz, egunkarian edo aldizkarian "balioa galtzen ez duten edukiak" eskaini behar direla azpimarratu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide