Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urriko udalbatzarrean onartu zuen Zarauzko Udalbatzak Astiko aisialdi eremua biziberritzeko plana. Horren bidez, eremua berritzeko eta indartzeko asmoa du Udal Gobernuak. «Egun minigolfa ez dago erabilgarri, kantina oso egoera txarrean dago, eta askaltegiko mahaiek ere txukuntzeko beharra dute», nabarmendu zuen Mikel Goenaga Herrilanetako zinegotziak. Hala, besteak beste, jolasgunean jatetxe-taberna berria eraiki eta aisialdiko instalazioak egingo dituzte. Hori ustiatuko duen enpresa aukeratzeko lehiaketa publikoa prestatu du udalak.
«Udalak ezin du inbertitu horretan guztian, eta kanpo inbertitzaileak behar ditu», ohartarazi zuen Goenagak. «Astik herriarena izaten jarraituko du, baina bitartean eraikin bat egingo dute Astin, zerbitzu bat emango dute eta aisialdi gunea indartuko da». Alegia, «eremu publikoen eta pribatuen arteko elkarlanean oinarrituta» berrituko du udalak Astiko aisialdi gunea. Enpresa kontzesiodunaren eta udalaren arteko kontratuak 25 urteko iraupena izango du, eta hori urtero luzatu ahalko da bi aldeek hala erabakita, gehienez beste bost urtez.
Gerriko Berdea
Hiru helburu ditu Asti biziberritzeko planak. Batetik, turistikoa. Herritarrez gain, aisialdi gune horretatik bisitari ugari pasatzen dela argudiatu du Udal Gobernuak, eta horregatik gune hori berritzea garrantzitsua dela. Bestetik, ingurumena aipatu du. Aurrerantzean Asti eremu babestua izango denez, Gerriko Berdea deritzonaren jarraipena bihurtuko da aisialdi gunea eta horren ingurua, Iñurritzarekin lotuz.
Kirol arloan ere eragina izango du horrek; izan ere, kirol azpiegiturei «balio erantsia» emango die, arlo horretako «beharrak asetuz». Aldi berean, proiektu berriak aurrekoak baino erabilera «handiagoa» izango du, eta urte osorako lanpostuak sortuko ditu.
Udalak 300.000 euro inbertituko ditu, eta gutxienez beste horrenbeste jarri beharko du lehiaketa irabazten duen enpresak. Aisialdi gunea berritu ondoren, enpresak horren kudeaketagatik kuota bat ordaindu beharko dio udalari, eta horrekin inbertsioaren zati handi bat berreskuratuko du udalak.Kontratua bukatzen denean, udalaren esku geratuko da azpiegitura hori.
Gehiengoz onartu zuen udalbatzak plana, EH Bilduren eta PPren aldeko botoekin. Azken alderdi horretako zinegotzi Maria Jose Lafuentek esan zuen Asti «gune erreferentziala» dela Zarautzen, kirolari, aisialdiari, ingurumenari eta turismoari dagokionez. Azken alor hori nabarmendu zuen; izan ere, Iñurritzako pasabidea amaituta, espazio naturala zabaltzeko aukera emango du.
EAJk, Ezker Anitzak eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten. Imanol Lasa EAJko bozeramaileak esan zuen Udal Gobernua «diru publikoarekin ate pribatu bat irekitzera» doala, eta Astin «beste lehentasunak» daudela. Ezker Anitzako Mariana Aranburuk esan zuen 30 urteko emakida bat egitea «astakeria» dela, eta modu horretan, «herritarrak ez ezik, datozen legealdiak ere hipotekatu» egingo direla: «Ezingo da hor ezer egin datozen 30 urteetan». Gaurko udalbatzarrean eskatuko du gunea ustiatuko duen enpresa udalbatzak aukeratzea. PSE-EEko Patxi Elolak ere hitz egin zuen: «Herria ari zarete hipotekatzen zazpi legealditarako. Aldapeta bezala pribatizatu nahi duzue. Herria saltzen ari zarete».