Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Umetatik jokatzen du saskibaloian Xabier Orozek (Azkoitia, 1996), eta urteetako lanak esperientzia ahaztezinak bizitzera eraman du azkoitiarra. Iraurgi SBko Sammic ISBko jokalaria da aspalditik, eta Espainiako Europako Txapelketetan eta Eurobasketen aritu da Espainiako selekzioarekin. Jokalari guztiek amestu, baina oso gutxik lortu dezaketen lekura iritsi da hemezortzi urteko gaztea, ACB Ligan, Espainiako Lehenengo Mailan, debutatu baitu aurtengo denboraldian, Gipuzkoa Basket taldearekin. «Urteetako lanaren emaitza izan da», adierazi dio HITZA egunkariari.
Iraurgiko taldeko jokalaria da Oroz, baina Gipuzkoa Basket taldearekin ere entrenatzen du. Talde horretako hainbat kideren lesioen eraginez, dagoeneko bi aldiz jokatu du maila gorenean. Azaroaren hasieran debutatu zuen taldearekin, Malagako Unicaja taldearen aurka. «Partidara deitu ninduten, eta saioan bertan esan zidaten lehenago edo beranduago kantxara atera beharko nuela, eta prest egoteko». Ia bederatzi minutu jokatu zituen, eta zetorkion aukeraren aurrean, «unea aprobetxatzea eta gozatzea» nahi izan zuen azkoitiarrak: «Nahiko lasai egon nintzen, espero baino urduritasun gutxiagorekin. Jokatzera deitu nindutenean, ez nuen askorik pentsatu. Aurkariak nolakoak ziren jakinda, ahalik eta ondoen defendatzen eta gehien erasotzen saiatu nintzen».
Bere lanarekin gustura, eta lana ondo egin zuen seinale, beste behin errepikatzeko aukera izan duelako. Izan ere, Laboral Kutxa talde gasteiztarraren aurka lehiatu zen azaroaren 15ean Gipuzkoa Basket, eta azkoitiarra bi minututan izan zen jokalekuan. «Denbora gutxi izan arren, ahalik eta hoberen jokatzen ahalegindu nintzen orduan ere».
Umetatik zeukan «ilusioa» bete du Orozek ACB ligan jokatzearekin. Badaki zer den saskibaloian gogor lan egitea, eta horren emaitza da oraingo lorpena: «Umea nintzenetik nabil saskibaloian, eskola kiroletik hasi eta Iraurgiraino. Lana alferrikakoa ez dela izan erakusten dit honek, eta horri eusten ahaleginduko naiz». Egindako lana azpimarratu nahi du jokalari gazteak: «Ilusio berezi batekin egin dut lan, eta orain debuta iristea lan horren emaitza izan da. Askok esaten didate ondo bizi naizela batera eta bestera joanez, baina horren atzean izerdi asko dago».
Aukera guztiak aprobetxatzen
Zilarrezko LET mailako Sammic ISBn dabil azkoitiarra, eta Gipuzkoa Basketen partidak bere taldearen partiden ordu eta egun berean ez direnean, Gipuzkoa Basketek deitu izan dio taldean jokatzeko. Entrenatu ere biekin egiten du: «Astean hiruzpalau aldiz Gipuzkoa Basketekin entrenatzen dut, eta beste bi aldiz Iraurgirekin», azaldu du. Batera eta bestera ibiltzen da azkoitiarra, eta gustura da modu horretan, bi taldeekin jokatzea aukera ona dela baiteritzo. Jasotzen dituen aukera guztiak aprobetxatzeko prest da, oraindik orain aurrera egin behar duela argi baitu gazteak. «Ez naiz konformatzen debutarekin. Egunak pasatu dira, eta berdin jarraitzen dut lanean, ez da ezer aldatu lehendik».
Eroso sentitzen da Gipuzkoa Basket taldearekin, eta maila hori mantentzea du helburu, aukera gehiago iritsi zain, «etortzen direnean ahal dudan ondoen egin dezadan». Horrez gain, denboraldi indartsua hasi du Sammic ISBk, orain arteko ia partida guztiak irabazi baititu: «Konfiantza askorekin dago taldea, oso emaitza politak lortzen». Hori hala, Gipuzkoa Basketekin bat egitea nahiko al luken galdetuta, oraingoz behintzat ez du etorkizunean pentsatu nahi: «Ez dakit zer gertatuko den, momentuan taldeari laguntzen saiatzen naiz. Hori hitz egin beharreko gauza bat izango da. Oraindik ez naiz horretan pentsatzen jarri».