Aitor Arregi 'Ximel': "Serio esandako astakeriak ez dira kontuan hartu behar"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko azaroaren 26a

Aitor Arregi 'Ximel' (Aiora Larrañaga/Hitza). Aitor Arregi Ximel (Aia, 1981) aiarrak Euskaldun batek biziak Kristoren edadera ailegatzean bakarrizketa saioa egingo du bihar arratsaldean Zarauzko Euskalduna tabernan. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta iluntzeko poteoa umorez betetzea espero dute Kafe Torero egitasmoko antolatzaileek. Bakarrizketa egingo duzun lehenengotariko aldia da ostegunekoa, ezta? Orioko Gaztetxeko mugimenduan genbiltzala Asier Sarasolari eta bioi Umore Gaua antolatzea bururatu zitzaigun. Bakarrizketaren bat botatzeko prest al zeuden galdezka hasi ginen lagunei, eta inork ez zigun erantzun. Saioa gainean genuen, eta astebete falta zela Sarasolari galdetu nion: «Bakarrizketa bat egiteko prest ikusten al haiz?» Biok animatu,  eta oholtza gainera igo eta gure lehen bakarrizketa egin genuen. Ondo atera zen eta Goiko Kaleko jaietan bakarrizketa saioa egitea eskaini zidaten; proposamena onartu eta pixkanaka hainbat tokitan aritu naiz. Saio txikiak izan dira gehienak; biharkoa izango da lehendabiziko plaza handia. Gaztetatik izan al duzu ingurukoak barrez jartzeko erraztasuna? Ez, ni oso lotsatia naiz. Hala ere, oholtza gainera igotzen naizenean, mikrofonoaren atzean babestuta sentitzen naiz. Urduri ere jartzen naiz, entzuleei bakarrizketa gustatuko ote zaien kezkatuta. Oholtza gainera igotzean, filosofia bat jarraitzen dut: nirekin barre egin beharrean nitaz barrez ari denak, proba dezala hau berak. Zer gai jorratzen dituzu emanaldietan? Eguneroko gaiak izaten ditut hizpide. Esaterako, Euskaldunan egingo dudan bakarrizketarako neure aitona-amonengandik hasi eta gaur egunera arteko biografia bat sortu dut; dena ez da egia izango, ezta gezurra ere. Errealitatea eta fikzioa uztartuko ditut. Giltza da publikoak ez jakitea zer den egia eta zer gezurra. Nola bururatzen zaizkizu gidoirako ideiak? Eguneroko gertakizun txikietan oinarritzen naiz, eta areagotu egiten ditut. Adibidez, niri atentzioa ematen dit herritar askok kafeinarik gabeko kafea nola eskatzen duten: kafeinarik gabeko kafea, sobrekoa, esne beroarekin eta aparrik gabea. Bakarrizketan hori areagotuta kontatzen bada, entzule askori kafea hartzera joaten direnean ikusitakoa etortzen zaie gogora, eta barrez hasten dira, beraiei ere aurretik atentzioa eman dielako. Publikoaren arabera gaiak aldatzen al dituzu? Bai, toki zehatz baterako bakarrizketa bat prestatzeak lan gehiago eskatzen du, gai jakin baten bueltan aritu behar delako. Bertso Txapelketa bateko tartetxo batean bakarrizketa bat egiteko eskatu zidaten, eta bertsoen mundua izan nuen hizpide. Ikastolarako aritu nintzenean, neuk eskolan bizitako gertakizunez eta ikastolako bitxikeriez jardun nuen. Nolakoa da bakarrizketa baten prestaketa prozesua? Hori da niri gehien kostatzen zaidana. Aktoreek edo profesionalek teknika jakinak izango dituzte, baina nirea oso arrunta da. Testua idazten dut eta zerbait gehiago bururatzen zaidan heinean, testua moldatuz joaten naiz. Testua buruz ikasten dut, eta ondoren, etxean ispiluaren aurrean jartzen naiz eta behin eta berriz entseatzen dut naturaltasunez ateratzen zaidan arte. Horretaz gain,  inprobisatzen jakin behar da oholtzaren gainean nagoenean, publikoan edo inguruan zerbait gertatzen bada. Bakarrizketak sinesgarriak egiteko sekreturik ba al duzu? Nik bakarrizketa guztiak lehenengo pertsonan egiten ditut, errazagoa baita jendearengana iristea norberari gertatu zaion zerbait kontatuz. Hori egiaztatu nuen Goiko Kaleko jaietan bigarren urtean egin nuen bakarrizketan; bakarrizketa prestatu nuen beste norbaiti gertatu izan balitzaio bazala, eta mezua ez zen berdin iritsi publikoarengana. Erraza al da jendea barre algaraka jartzea? Umore bat baino gehiago du jendeak. Batzuek barre egiten dute «titia atera zuen» esanda bakarrik, eta beste batzuei, berriz, umore sakonagoa gustatzen zaie. Ni saiatzen naiz, ahal dudan heinean, denengana iristen. Hala ere, egin nahi ez dudana umore zuria da. Gaur egun ezin zaio herren bati herrena deitu, edo beltz bati beltza. Esaten den guztiak egokia izan behar du, eta bestea mintzeko beldurrez bizi gara beti. Nik uste dut bakarrizketek ez dutela inor mindu behar, errealitatea modu exageratuan kontatzen baitugu. Itsu bati gertatutako pasarte bat kontatzen badut, jakin badakit normalean itsu bati ez litzaiokeela halakorik gertatuko; jendeak pasartea entzutean barre algaraka hasten da, baina bat-batean kontzientziak esaten die ez dutela barrerik egin behar. Gaur egun, min emateko beldurrez ukitu ezin diren gai asko daude, eta nik joera horrekin hautsi nahi dut, komiko batek, musikari batek edo aktore batek publikoarengan zerbait piztu behar duela uste baitut. Nola egiten da hori? Dena dela, horretarako garrantzitsua da hartzaileek ere zentzu kritikoa izatea eta esaten dena modu umoretsuan esaten dela ulertzea. Aitzol Barandiaranen eta Iñaki Gurrutxagaren Bi bala proiektua, esaterako, aspaldian ikusi dudan gauzarik onena da, nahi dutena eta pentsatzen dutena esanez herritarrengana iritsi baitira. Biharko saioa lehen plaza handia izango dela esan duzu. Zer espero duzu saio horretatik? Oso gustura nago; Euskaldunan eta Kafe Toreron lagunak ditut, eta etxean sentituko naiz bertan. Krisi garaia bizi dugun horrekin, jende askok arazo ekonomikoak ditu eta gauza askogatik kezkatuta egoten gara. Nik nahiko nuke saiora joaten denak horiek denak alde batera utzi, eta ondo pasatzeko prest joatea. Publikoan lagunez gain, bakarrizketa ikustera etorriko diren herritarrak ere izango dira; horiek ez dakite nor naizen, eta horiengana iritsi nahiko nuke bereziki. Bakarrizketa ikustera joateak merezi izan duela pentsatu dezatela, alegia. Etortzen direnei esan nahi diet serio esandako astakeriak ez direla kontuan hartu behar, umore giroan esandakoak direlako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide