Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauzko Udal Gobernuak herriko sozioekonomia sustatzeko diru laguntzak martxan jartzea proposatuko biharko udalbatzarrean. Hiru motatako laguntzak proposatuko ditu, zehazki: batetik, enpresa proiektu berriak sortzeko laguntzak; bestetik, enpresetan lanpostu berriak sortzeko laguntzak, eta azkenik, jarduera ekonomikoa egingo den lokalak txukuntzeko laguntzak.
Guztira, 86.000 euro bideratuko ditu udalak alor horietara, proposamena onartuz gero. Behin onartuta, interesa dutenek abenduaren 15era bitartean egin ahalko dituzte eskaerak. Laguntza horiek bateragarriak direla nabarmendu dute, eta beraz, eskatzaile batek hiru diru laguntza lerroak eska ditzakeela.
Herriko sozioekonomia sustatzeko abiatu duen kanpainaren barruan kokatu ditu Udal Gobernuak laguntza hauek. Zentzu horretan, gogoratu du langabezia murrizteko 130.000 eurotik gora bideratu dituela, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.