[caption id="attachment_117782" align="aligncenter" width="300"]

Hainbat arlotako ordezkariak elkartu ziren mahai inguruan: ikastetxeetakoak, Zumaiako Osasun Etxekoak, Berdintasun Forokoak eta udaleko Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetakoak (Izaskun Urbieta/Baleike).[/caption]
[caption id="attachment_117782" align="aligncenter" width="300"]

Hainbat arlotako ordezkariak elkartu ziren mahai inguruan: ikastetxeetakoak, Zumaiako Osasun Etxekoak, Berdintasun Forokoak eta udaleko Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetakoak (Izaskun Urbieta/Baleike).[/caption]
Gaur nazioartean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna da. Data hau aitzakia hartuta, Zumaiako hainbat eragilek eta udalak «arazo sozial larri horri» aurre egiteko Zumaian egiten den lanketa azaldu zuten ostiralean. Aurten Zumaiako Udalak jaso dituen indarkeria kasuen berri eman zuten bertan. Mahaiaren bueltan elkartu ziren ikastetxeetako arduradunak (Oikiako Eskola, Maria eta Jose Ikastetxea, Herri Eskola eta Institutua), herriko osasun etxeko familia medikua, Berdintasun Foroko kideak, udaleko Berdintasun teknikaria eta zinegotzia, eta Gizarte Zerbitzuetako teknikaria.
Aurkezpenean parte hartu zuten eragile guztiak bat etorri ziren, «elkarlana, prebentzioa eta hezkuntza» direla indarkeria matxistari aurre egiteko bideak. Hori horrela, Berdintasun zinegotziak herriko eragileen lana goraipatu zuen arlo horretan.
Zazpi kasuren berri
Aurten, orain arte Zumaiako Udalera indarkeria matxista jasandako zazpi pertsona joan dira laguntza eske; kasu guztietan emakumeak izan dira. Gizarte Zerbitzuen lana indarkeria matxista jasan duen pertsonari lehenbailehen harrera egin eta arreta integrala eskaintzea da. «Lehenengo harrera egin, pertsonari entzun, lasaitu eta azaltzen dituen egoeraren xehetasunak aztertu ondoren, kasu bakoitzaren arabera, behar duen hasierako babesa eta dauden zerbitzuak eskaintzen dizkiogu», kontatu zuen Pili Alberdi Gizarte Zerbitzuetako teknikariak.
Aurtengo zazpi biktimetatik hiru laguntza psikologikoa jasotzen ari dira, eta batek larrialdi eta harrera zerbitzua ere jaso du. Indarkeria motei buruz, esan zuten lauk indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasan dituztela. Kasu batean indarkeria fisikoa, eta bitan indarkeria psikologikoa egon dira. Adin tarteari dagokionez, 23 eta 39 urte bitarteko emakumeak dira guztiak.
Erasotzailearen profilari buruzko datuak ere eman zituzten mahai inguruan: 18 eta 65 urte arteko gizonezkoak dira salatu dituztenak. Urtean zehar guztira 18 kasuri egin diote jarraipena, eta horietatik 12 pertsonek jaso dute laguntza psikologikoa. «18 kasu hauetatik zazpiri itxiera eman diogu, beharrezko esku-hartze eta jarraipenak egin ondoren», esan zuen Gizarte Zerbitzuetako teknikariak.
«Salatzea da gakoa»
Azken urteetako datuetan oinarrituta, aurten inoiz baino kasu gehiago artatu dituzte Gizarte Zerbitzuetan: 2011n hiru, 2012an lau, 2013an bi, eta aurten zazpi. Alberdik azaldu zuenez, bi irakurketa egin daitezke aurtengo kasu kopuruaren aurrean: «Gero eta emakume gehiago ausartzen dira indarkeria egoerak salatzera, edo indarkeria egoerak gehitzen doaz eraikitzen ari garen gizartean hutsune nabarmenak ditugulako».
Rosa Azkue Zumaiako osasun etxeko medikuak ere hartu zuen hitza. Emakumeek oraindik indarkeria kasuak salatzeko duten beldurraz hitz egin zuen berak. «Zumaian, oraindik badira indarkeria matxistari aurre egiten ez dioten emakumeak. Hau da, badira jasaten dutenaren berri eman eta neurriak hartzera ausartzen ez diren emakumeak. Asko 40-50 urte inguruko emakumeak dira, familia duten etxeko andreak, autonomia ekonomiko txikia dutenak, eta jasaten duten indarkeria matxista beste arazoren baten ondorioa dela uste dutenak», azaldu zuen.
Kasu guztiak zenbatu gabe dituzten arren, erasoen aurrean osasun etxean ezarritako protokoloa jarraitzen dutela aipatu zuen Azkuek. Kasuaren arabera, indarkeria jasandako pertsonak Gizarte Zerbitzuetara bideratzen dituzte, aurrera egiteko informazioa eta baliabideak eta babesa jasotzeko. Horrez gain, Zerbitzu Mentalera ere bideratzen dituzte. «Aurtengo kasurik larriena bortxaketa bat izan da. Horrelako kasuak larrialdietara bideratzen ditugu, ginekologoak eta forentseak azter ditzaten».
Prebentzioa eta hezkidetza
Karmele Gomez Berdintasun teknikariaren esanetan, «prebentzioa da indarkeria matxista ekiditeko biderik onena. Eta, horretarako, ezinbestekoa da emakume eta gizonen arteko erlazioaren ikuspuntu globala aldatzea eta berri bat eraikitzea. Aldaketa hauek pertsona helduetatik hasi beharko liratezke, haurrek haiengandik ikas dezaten eta eredu bezala har ditzaten». Horregatik guztiagatik, Berdintasun Sailetik uste dute beharrezkoa dela «ikastetxeetan gaiari behar duen garrantzia ematea. Zalantzarik gabe, hezkidetza da biderik egokiena».
Zumaiako ikastetxeek aurrera eramaten dituzten programei buruz ere hitz egin zuten. Guztiek hezkidetza programak dituzte abian, norberaren ezaugarrietara egokituta eta eskolako curriculumaren barruan. Ildo horretatik, gaur 11:00etan Zumaiako ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek giza-kate bat egingo dute herrian zehar. Hezkidetzarekin batera, elkarbizitza, berdintasuna, emozioen kudeaketa, gorputzaren erabilpena, eta identitatea bezalako balioak lantzea ezinbestekotzat jo zuten eragileek.