Bizitza librea, lehentasuna

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 25a

Gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izaki, elkarretaratzeak egingo dituzte Urola Kostako herri askotan. Aizarnazabalen eta Azkoitian, esaterako, 19:00etan elkartuko dira, herri horietako plazetan. Azpeitian, elkarretaratzeaz gain, antzezlan bat ere egingo dute, 19:00etan plazan. Getarian orduerdi lehenago bilduko dira herritarrak eraso sexistak salatzeko, 18:30ean plazan. Zarautzen, berriz, Lege Zaharren Enparantzan egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan, eta Zumaian Magnoliopean, ordu berean. Zestoan, gainera, herriko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko diagnostikoa ere aurkeztuko du gaur udalak, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz. Zestoarren beharrak eta arazo sozioekonomikoak identifikatu, eta injustizia egoerak aztertzeko asmoarekin abiatu zuen erakundeak prozesu parte-hartzailea, «herriko egoera sozialaren argazkia ateratzeko», hain zuzen. Gaur ezagutaraziko dituzte diagnostiko horren emaitzak. 19:30ean izango da ekitaldi irekia, Zestoako udaletxeko udalbatzar aretoan. Eragile sozialak eta herritarrak bertaratzera gonbidatu dituzte. Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI-k ere egingo ditu aldarrikapenak. Azpeitiko zentroko patioan 09:00etan bilduko dira ikasle eta irakasleak, soinean zerbait morea jantzita, argazkia ateratzeko. Azkoitian, patioan, zirkulu more bat osatu eta kolore zuriz inguratuko dute Urola Ikastolako eta Xabier Munibeko BHIko ikasleek eta irakasleek, 10:30etik 11:00etara. Hainbat indarkeria kasu «Aurten, berriro ere, modu anitzean gauzatutako eta emakume ugariri eragindako biolentzia matxista izan dugu Zarautzen, feminizidioa adierazle nabarmena duen biolentzia matxista», ohartarazi du Ane Eizmendi Zarauzko Parekidetasun zinegotziak. Zarauzko EH Bilduk, EAJk, Ezker Batuak eta PSE-EEk adierazpen instituzionala egin dute, gaurko egunaren harira. Eizmendik ohartarazi du indarkeria matxista «desagertzetik urrun eta geure jendartean errotuta» dagoela, eta horrek aurpegi ugari dituela nabarmendu du. Zentzu horretan, esan du hainbat iritzi guneren, epaileren eta ordezkari politikoren aldetik jasotako eraso ideologiko eta diskurtsibo ugari gehitu behar zaizkiela eraso fisikoei, sexualei, ekonomikoei eta hitzezkoei. Zehazki, emakumeenganako 25 indarkeria kasuren berri izan du Zarauzko Parekidetasun Sailak aurten. Azaroaren 1era arteko zenbatekoa da hori. Indarkeria kasu horien artean, hemezortzi dira eraso fisikoei eta psikologikoei lotutakoak, eta zazpi kasutan eman da indarkeria psikologikoa. Eraso sexualen berririk ez dute izan. Adin tarteari dagokionez, biktima gazteenak 24 urte dituela jakinarazi dute Parekidetasun Sailetik, eta zaharrenak, berriz, 79 urte. Datuen arabera, erasotzaile gazteenak 18 urte ditu, eta zaharrenak, 78 urte. Indarkeria matxistari aurre egiteko, Eizmendik dio «ezinbestekoa» dela bizitzako esparru orotan berditasunezko harremanak oinarri izango dituen jendartearen eraldaketa. Horren harira, hainbat konpromiso hartu du udalak, «emakumeek indarkeria matxistarik gabeko bizitza librea» bizi dezaten. Batetik, berdintasun politikak garatzeko behar diren baliabide ekonomiko eta humanoak indartuko ditu, eta udalerrian eman litezkeen ekintza eta jarrera matxisten aurrean, prebentziorako eta salaketarako «eragile aktiboa» izango da erakundea. Era berean, emakumeen parte hartze ekitatiboa ahalbidetzen dituzten guneak abian jarri eta hedatuko dituela azaldu du. Baita emakumeen ahalduntzea bultzatuko duten gune zabalak ere. «Ahulenak» direnen artean—besteak beste, gazteak, adinekoak, etorkinak, nekazal guneetakoak eta urritasun funtzionala dutenak — indarkeria matxista eman ez dadin, instituzioen arteko elkarlana bultzatuko du aldi berean, baliabide tekniko eta ekonomikoen bidez. Indarkeria matxistarik gabeko espazio partekatuak lortze aldera, esparru politikoan zein herritarren artean adostasuna eta konpromisoa «ezinbestekoa» da Zarauzko EH Bildu, EAJ, Ezker Anitza eta PSE-EErentzat. «Helburu honek lehentasuna izan behar du bizitza kolektiboa antolatzen eta kudeatzen diharduen instituzio publiko guztietan», nabarmendu dute. Eskubideez jabetu Azkoitiko Udalak, Emakumeen Mahaiak eta Zinetogram taldeak  urtean zehar hainbat kanpaina antolatzen dituzte elkarrekin, eta hala egin dute azaroaren 25aren harira ere, herritarrak sentsibilizatzeko. Esther Lizarralde Azkoitiko Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, emakumeek «emakume izate hutsagatik» jasaten dute indarkeria, eta honek hainbat adierazpen eduki ditzazke: «Eraso fisikoak, sexualak, psikologikoak, ekonomikoak, hitzezkoak eta sinbolikoak». Horregatik, eraso horiek osotasunean azalerazi eta herritarrengan eragin nahi dute hainbat ekitaldiren bidez. «Erakundeek erantzukizun berezia dute; indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desorekaren adierazpen larriena da, beraz, trataerak ere halakoa behar du. Ardatz estrategikoa ezinbestekoa da, eta horri eusten diogu prebentzio, heziketa eta arreta hobetzeko arloetatik». Era berean, erakundeen arteko koordinazioa eta indarkeria jasan dutenenganako arreta hobetzeko protokoloa lantzen ari da udala, eta hil honetako osoko bilkuran dira onartzekoak. Emakumeak beren eskubideez jabetzea premiazkotzat jo du udalak, eta kontzientzia hartzeko ekintza bereziak egingo dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide