Antonio Sanchez berak idatzitako liburuekin Azpeitiko Baigeran (Nerea Uranga/Hitza).
Azpeitiko Baigera Jubilatuen Elkarteak antolatutako Jubilatuen Astean hitzaldia eman du Antonio Sanchezek (Madril, 1937). Madrilen jaiotakoa den arren, duela 40 urtetik Oiartzunen bizi da.
Prefiero ser feliz gai bezala hartuta jardun zuen hizlari joan den ostegun arratsaldean, Baigeran bertan. Ordu eta erdiko saioan garbi utzi zuen "baikorra" izatea duela gustuko. Zortzi hizkuntza dakizki eta munduko toki askotan ibilitakoa da, "mundu osoan barrena ibilitakoa naiz, eta leku guztietan jendeak gauza bera nahi du, lasai eta pozik bizi". Orain dela 15 urte Parkinsona zuela esan zioten Sanchezi, eta bere gaur eguneko borroka gaixotasunari aurre egitea da.
Parkinsona daukazunetik, zure bizitzako esperientzia kontatzea erabaki duzu batean eta bestean hitzaldiak emanez, zergatik?
Nire intentzioa besteei laguntzea da, besteei lagunduz neure buruari mesede egiten baitiot. Nik eman egiten dut, baina gehiago jasotzen dut. Besteak zoriontsu eginez, bueltan zoriontasun gehiago datorkit. Nire filosofia ahalik eta gehien ematea da, gero eta gehiago eman orduan eta gehiago daukadalako. Parkisonari esker, hori hala dela baieztatu dut, eta ikasi dut negatibotik zerbait positiboa atera daitekeela. Parkinsonak bizitzaz eta gizakiekin gehiago gozatzen erakutsi dit, eta batik bat maitasunak dena ahal duela ikasi dut. Dena hitz eginez konpondu dezakegula ere ikasi dut, gauza guztiek hitz eginez irtenbide bat badutelako, beti eta denerako baitago irteera bat. Elkar ulertuz nahi dugun horretara iritsi gintezke, baina batik bat jarraikitasuna da inportantea. Ni, nahi nuen hori lortu dudan arte inoiz ez naiz gelditu; nahiz eta bidea gogorra izan, segi eta segi egin dut, jarraituz gero beti lortzen da baita batek nahi duen hori. Parkinsona oso gaixotasun gogorra da, baina nire borroka Parkinsonari irabaztea da. Hhori lortuz gero, munduan aurrenekoa izango naiz, baina ni konbentzituta nago gaixotasunari irabazi egingo diodala, eta horretan ari naiz.
15 urte daramazkit gaixotasun honekin, eta medikuak botikaren dosia ez dit igo, gutxieneko dosia hartzen dut. Oso ondo nagoela esaten dit medikuak. Horixe da jendeari helarazi nahi diodana: euren gaixotasunari aurre egiteko ahal duten guztia egin dezatela. Ez daitezela eserita gelditu, ez daitezela pasiboak izan, aktiboak izan daitezela. 77 urte ditut eta laster 80 egingo ditut, baina urteak aurrera indar gehiago dudala sentitzen dut. Jarrera positiboa hartuta irabazi egiten da.
Orain dela 15 urte esan zizun medikuak Parkinsona zenuela. Nola hartu zenuen hasieran?
Medikuak hori esan eta etxera joan eta Parkinsona zer zen informatzen hasi nintzen. Gaixotasunarekin batera, ondoan beldurra zetorrela ohartu nintzen. Beti beldurra gaixotasunari lotuta baitago. Baina beldur hori kendu egin behar da, ez duelako esistitzen: beldurra etorkizunean dago, eta beldurraren gelan sartuz gero ezer ez dagoela ohartzen zara. Beldurra inoiz heltzen ez den amenazu bat da, eta hori gainetik kendu egin behar da. Gainera, behin beldurra gainetik kenduta borroka asko irabazten dira. Inoiz ezerri beldurrik ez zaio eduki behar. Iragana eta etorkizuna ez dira bizi behar, momentua bizi behar da.
Parkinsonari aurre egiteko bideen artean yoga, pilates eta boxeoa izan dituzu.
Parkinsona nuela jakin nuenean pilates, yoga eta mendira joaten hasi nintzen. Orain urtebete inguru, berriz, boxeoa ezagutu nuen eta oso ondo etorri zitzaidan. Esaterako, orain dela 7 urte, meniskoa apurtuta eta ebakuntza egin beharra neukala esan zidaten. Medikuari ebakuntza saihesteko zerbait egin ahal nezakeen galdetu nion, eta bizikleta asko egitea gomendatu zidan. Bizikleta bat erosi eta 15.000 kilometro egin nituen, Jaizkibelen gora eta behera. Bi urte eta gero, medikuak ebakuntzarik egin beharrik ez neukala esan zidan. Borondatea eta jarrera kontua da, hori bai egunero egin behar dira etxeko lanak, egun bakar batean ere hutsik ere egin gabe.
Farmazia industriarekin oso kritikoa zara.
Farmazia industriak lapur hutsak dira, eta gaixoei bizitza medikamentu berriekin luzatu egiten diete, baina ez dituzte sendatzen. Nik hartzen dudan botika pisatu egin dut, eta gramoa kabiarra balitz bezala saltzen dute. Lotsagarria da, eta horregatik lapur hutsak direla diot. Nik botika gutxieneko dosia hartzen dut, eta nirekin gutxi irabazten dute, baina nik nahiko nukeena da nirekin ezer ez irabaztea.
Parkinsona izanda, eguneroko bizitzan zein oztopo aurkitu dituzu?
Berdin da zein den oztopoa, ni hori gainditzen saiatuko naiz eta. Beti dago irteera edo irtenbideren bat, garrantzitsuena ezinezkoa dena egiteko modukoa egitea da. Nik nire hiztegitik hainbat hitz kenduta ditut: ezinezkoa, etorkizuna, iragana... Nik instantea bizi dut, momentua. Onena, egiten ari zaren horretaz gozatzea da, bizitza bizitzea. Ni librea izan naiz, eta askatasunean bizi izan naiz, askatasuna maite dut.