Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauzko PSE-EE "gustura" dago abian jarri dutelako berak proposatutako hondakin txikien edukiontzia. Baina salatu du arropa jasotzeko ontzia kendu dutela, "guztia edukiontze berean nahasteko". "Zoritxarrez, badirudi Bilduk ez dituela zabortegiak itxiko, eta geroz eta zailagoa ikusten dugu Urteta ixtea". Hori dela eta, "are gusturago" daude alderdi sozialistakoak edukiontzi berri horiekin. Gogoratu du hori PSE-EEk proposatu zuela Zarauzko Hondakinen Mahaian 2013ko irailean, garbigunea herritarrei gerturatze aldera. Etxetresna txikiak, jostailuak, sukaldeko tresnak, egurrezkoak... Garbigunera eraman beharreko elementuak botatzeko edukiontzi laranja, alegia. "Elementu horiek askotan hondakinen edukiontzian bukatzen dute, eta horiek bereziz gero, Urtetara botatzen dugunaren %10 murriztuko litzateke".
Hondakinen Mahaiak PSE-EEk proposatutako martxan jartzea adostu zuela ohartarazi du alderdiak. "Bilduk ez zuen inolako prosposamenik egin urtebetean, Hondakinen Mahaian. 2014ko urterriletik irailera denbora izan zuten Hondakinen Mahaian egindako proposamen bateratuaren inguruko azterketa teknikoa aurrera eramateko", nabarmendu du PSE-EEk. Horren arabera, irailean jakinarazi zieten Urola Kostako Udala arduratuko zela hondakinak kudeatzeko sistema "hobetua", eta edukiontzi laranja ez zutela horren barruan sartu esan zieten. "Horren aurrean, PSE-EEk Urola Kostako Udal Elkarteari idatziz eskatu zion hori ere kontuan izateko. Erantzun ofizialik jaso ez genuen arren, komunikabideen bidez jakin genuen edukiontzi laranjark jarriko zituztela. Urola Kostako Udal Elkartearen ekarpen bakarra izan da edukiontziei kolorea aldatzea eta, zoritxarrez, arroparen edukiontziak kentzea". PSE-EEk gogoratu du alderdiak edukiontzi txikiak jartzeko eskatu zuela. Hori dela eta, ez du begi onez ikusi arroparenak kendu eta arropa eta etxetresnak nahastea ontzi berean. "Caritas elkartean lan egiten dutenei galdetu diegu, eta esan digute modu horretan arropa kaltetuko dela".
"Paralisia eta kudeaketa txarra"
Halaber, nabarmendu du oraindik ere hondakin organikoen edukiontziak ez dituztela gune guztietara zabaldu. Hori ere Hondakinen Mahaian adostu zela gogoratu du, eta baita etxetresnen edukiontzia modu egokian erabiltzeko informazio eta sentsibilizazio kanpainak abiatzea ere.
Hondakinen bilketa tasa igotzen eta hondakinak murrizten jarraitzeko elkarlana eskaini dio PSE-EEk mankomunitateari: "Gai garrantzitsua eta presazkoa da; izan ere, balorizazio energetikorik eta hondakinak murrizteko zein horiek tratatzeko planik gabe hondakin ugari pilatuko da". Hori dela eta, Urola Kostako Udal Elkartean zein Zarauzko Udalean Bilduren "paralisia eta kudeaketa txarra" salatu du PSE-EEk, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere. "Kale itsu batera garamatzate".