Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herriko hainbat eragileri «ezinegona» eragin die Osakidetzak Zarauzko Osasun Etxeari dagokionez azkenaldian hartu dituen erabakiek eta horrek dakartzan ondorioek. Besteak beste egoera salatu dute Uemak, Zarauzko Udalak, Zarauzko Euskal Herrian Euskarazek, Urola Kostako LAB sindikatuak, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak eta Zarauzko AEK-k.
Izan ere, zarauztarrak euskaraz artatuak izateko «zailtasunak areagotuko» dituzte erabaki horiek. Batetik, eragile horiek nabarmendu dute «euskararen ezagutza egiaztatu gabeko» langile batek ordezkatzen duela ohiko emagin elebiduna, eta gogoratu dute lanpostuaren baldintzetako bat dela beharginak Hizkuntz Eskakizuna egiaztatuta izatea.
Bestetik, erretiratu den beste mediku baten postua betetzeko euskara ikasteko derrigortasun datarik ez du jarri Osakidetzak. Osakidetzaren beraren Euskara Planean jasotakoaren aurka emandako «urraketa» dela adierazi dute eragileek, eta «kolokan» jartzen dituela planak berak helburu dituen herritarren hizkunza eskubideak errespetatzea eta zerbitzuen kalitatea hobetzea.
Ildo horretatik, orain arteko prozedura berrikusi eta lanpostuari derrigortasun data jar diezaioten eskatu diete Osakidetzako arduradunei. Era berean, elkarretaratzea egingo dute bihar «euskaraz bizi , euskaraz sendatu, eta beraz, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak ez ditugu onartuko» aldarrikatuz. 12:30ean bilduko dira herritarrak Osasun Etxearen parean.