Gari Berasaluze Kultura zinegotzia (erdian) Modeloko hainbat eragilerekin batera, aretoan (Amaia Ventas/Hitza).
Herrian kultur azpiegituren falta nabarmena zela-eta, 2012ko azaroan alokatu zuen Zarauzko Udalak Modelo eraikina. Urtebete pasatxo geroago, jabeekin hainbat negoziazio egin ondoren, erostea erabaki zuen udalak. Helburua eraikinari buelta bat ematea zen: areto zaharretik kultura eredu berrira salto egitea. Eta eman, eman du saltoa. Izan ere, zinemaz gain, beste hainbat motatako ekitaldien eskenatokia izan da azken bi urteko joan-etorrian. «Euskal Herriko kultur agendan lekua egin eta gune erreferentzial bihurtzeraino».
Guztira 302 ekitaldi egin dira Modelo biziberrituan bi urteko epean: 94 zinema emanaldi, 71 aurkezpen solasaldi, 61 kontzertu, 18 antzezlan, zortzi bertso saio, lau dantza erakustaldi, hamaika hitzaldi, 14 antzerki... Baita sailkatzeko zailak diren beste hainbeste ekitaldi ere. «Datu hotzak dira; zenbakiak dira. Baina atzean pertsonak daude», adierazi du Gari Berasaluze Zarauzko Kultura zinegotziak. Zentzu horretan, datu kuantitatiboez gain, kualitatiboak ere badirela nabarmendu du. Izan ere, bertatik pasatu dira, adibidez, euskal zinemagintzako film eta zuzendari esatetsuak, The Sadies eta Ara Malikian izen handiko musikariak, Potologuak antzezlan arrakastatsua, bertsolari ugari, Imanol Urbietaren omenezko Bakarrik eta libre diskoaren aurkezpena...
Zentzu horretan, balantze positiboa egin du Berasaluzek, eta udalak bidelagun izan dituen askotariko eragileen lana eskertu du, besteak beste, Alproja, I love Rock, Modeloren Lagunak, Kids&Us, Euskal Herrian Euskaraz eta Parekidetasun Sailaren jarduna. Horiei esker lortu da urtean 15.000tik gora ikusle inguru izatea ere. Azken ekitalditako ikusle kopurua gehituta—pasa den asteburuan 900 bat lagunek ikusi zuten Loreak filma, eta datu hori ez dago behin-behineko zenbatekoan sartuta—, bi urtean 34.000 lagunetik gora joan dira Modelora modu bateko zein besteko ekitaldiak ikustera.
2016ko udako, lanak
Udalak Modeloren jabeekin sinatu zuen aurreakordioa abenduan, eta orain behin betiko erosketa datorrela aurreratu du Kultura zinegotziak. Behin udalarena izanda, azpiegitura horren barruan zer egingo duten hausnartzen hasiko da gainontzeko eragileekin. Datorren asteetan hasiko dute prozesua Zarauzko Kultur Mahaiaren barruan. Bestalde, egun inspekzio teknikoa eta txosten patologikoa egiten ari direla jakinarazi du. Horren helburua da jakitea egitura zenbateraino molda daitekeen. Izan ere, babes ertaineko eraikina da Modelo. «Emaitzak eta beharrak aztertuta ikusiko dugu zer egin». Esaterako, bigarren solairuan 150 pertsonentzat areto txikiago bat sortu, hitzaldiak-eta emateko. Edo hirugarren solairu baterako aukera dagoen zehaztu, bertan bulegoak eta aldagelak atontzeko.
Urte amaierarako izango dituzte emaitzak, eta eragileekin ere hausnartuta izango dute Modelok zein beharri erantzun beharko liokeen. Ondoren, arkitektoak proiektua idatzi beharko du; 6-8 hilabete iraungo du horrek. Hori onartu ostean, 2015eko udazkenean lehiaketa publiko bidez lanak adjudikatuko direla aurreikusi du Berasaluzek, eta2016ko udaberri-udan hasiko direla obrekin. Bitartean, ohiko mantentze lanak egiten jarraituko dute.