Bihar hasiko da pistako denboraldia txirrindularientzat

Baleike 2014ko azaroaren 21a

Aitor Olaziregi Amporekin ibiliko da aurten afizionatu mailan (Arritxu Iribar). Zumaiako Txirrindulari Elkartean hazitako bi txirrindulari ibiliko dira aurten gizonezkoen afizionatu mailan: Aitor Olaziregi eta Gorka Etxabe. Olaziregik talde berriarekin osatuko du bigarren denboraldia, Hyundai utzi eta Ampo Goierri TBrekin egin baitu fitxa. Gorka Etxabek berriz, Jira-Birarekin izango du afizionatuetan debuta egiteko aukera. Biek ala biek pistan ekingo diote denboraldiari. Olaziregik errepideko denboraldia prestatzea du helburu. Ampok 19 txirrindulari izango ditu, Espainiako Kopako lasterketa guztiak korrituko dituzte eta Euskal Herriko egutegi osoari egin beharko diote aurre. Gorka Etxabe berriz, espezialista da pistan. Espainiako selekzioko kide izan da gazte mailan eta, maila berrira egokitu beharko badu ere, seguru aurpegia emango duela belodromoan. Eider Unanueren kasuan, Eneritz Iturriaga txirrindulari ohiak errepiderako sortu duen talde berrian ariko da. Aukera bikaina da Unanuerentzat, taldeak UCI mailako lizentzia lortu baitu. Pistan aurten ez du aukera handirik izango, Kantabria (Espainia) aldera joan baita ikasketak egitera. Hala ere, parte hartzeko aukerak aprobetxatuko ditu, errepiderako prestatzeko. Haritz Gurrutxaga kadetea Zarauzko taldearekin korrituko du aurten, Zumaian ez duelako taldekiderik. Maldan gora nabarmentzen da bera, baina pistak ikasteko balioko dio. Eta Eider Manzisidorri dagokionez, aurten bigarren denboraldia izango du pistan. Mutilekin korritzen duenez, bere helburua da ondo prestatzea gero errepidean denboraldi ona egiteko. Azkenik, Haritz Eizagirrek ziklismoa utzi du, eta Jon Agirrek ez du pistarik egingo. Pistako lehen jardunaldia 16:00etan hasiko da Donostiako belodromoan, eta maila bakoitzean hiru lasterketa jokatuko dira: danesa, scratch-a eta puntuaketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide