Internet bidezko diru bilketa ari da egiten Iseka disko berria kaleratu ahal izateko

Baleike 2014ko azaroaren 21a

Diskoak argitaratzeko ohiko bideak ia agortuta daudela ikusirik, finantziazio bide berritzaile baten aldeko apustua egin du Iseka musika taldeak: crowdfounding-a. Internet bidez, diskoa laguntzeko interesa duen orok egin dezake bere diru ekarpena, bost eurotik hasita. Helburua da 3.000 euro lortzea gastuak ordaindu ahal izateko. Musikagintzan aurrera egin nahi duten taldeek bide berriak jorratu beste aukerarik ez dute gaur egun. Argitaletxeen eredu klasikoa amaitu da; ia erabat deuseztu dute iraultza digitalak eta haren ondotik sortutako kontsumo ohitura berriek. Hala ulertu du Iseka taldeak. 1995. urtean jaiotakoak dira Mikel Larrañaga, Abel Armendariz, Iosu Alberdi eta Julen Garcia, eta oso garbi dute iraganeko eskemak amaitu direla. Lehen diskoak harrera bikaina izan zuela ikusirik (argitaratutako 500 aleak agortu dira), bigarrenerako kantak prestatu eta diskoa grabatzeko gertu dira. Horretarako dirua behar, ordea. «Ikusi genuen beste talde batzuek crowdfounding-aren formula erabili zutela, eta pentsatu genuen geuk ere hala egin genezakeela», azaldu du Julen Garciak. Mila euro inguru dauzkate gordeta diskoen eta elastikoen salmentatik. Beste 3.000 behar dituzte. «Grabaketa, produkzioa, masterizazioa, bideoklipa… Gauza asko dira azkenean». Lehen diskoarekin egin bezala, bigarrena ere Zumaian grabatuko dute, Igor Gutierrez Jijas-en estudioan. «Zortzi edo bederatzi kanta izango ditu, eta esan genezake estilo aldetik helduagoa izango dela, landuagoa, baina gure estiloan. Rock melodikoa. Letra aldetik, gai sozialak agertuko dira, aldarrikapenak, baina baita gai pertsonalak ere». Martxo alderako prest Dagoeneko hasi dira lehen lanekin, baina diskoa martxo alderako izango dute prest. Izan ere, etxetik kanpo ari dira ikasten eta denak elkartzeko zailtasunak dauzkate. Julen Garcia, esate baterako, musika ikasketak ari da egiten Salamancan (Espainia). «Konposatzeko-eta, askotan bakoitzak bere kabuz lantzen du zerbait eta gero Internet bidez konpartitzen dugu, besteek osatzeko, moldatzeko… Gero, ahal dugunean, Zumaian denok bildu eta kantak entseatzen ditugu. Grabazioa egiteko ere, bakoitza bere partea lantzen joango da». Interneteko Verkami plataformaren bitartez erabaki dute crowdfounding kanpaina egitea. Helburua da 3.000 euro biltzea jendeak egindako ekarpenen bitartez, epe muga jakin batean. Isekaren kasuan, 30 egun gelditzen zaizkie kanpaina amaitu baino lehen. Ekarpenak egiteko hainbat maila daude. Oinarrizkoena, bost eurokoa. Kasu horretan, trukean diskoaren bertsio digitala jasoko du laguntzaileak, eta izena eskertzen atalean agertzeko aukera dago. Hamar euro emanez gero, disko fisikoa, sinatuta, eta eskertzetan izena agertzea da saria. Ekarpen handiagoak eginez gero, kontzertuetarako sarrerak edo elastikoak ere jasoko ditu laguntzaileak. Eta norbaitek 600 euro baditu emateko, «kontzertu pribatua» eskaintzeko prest daude. Kanpaina hasi berri da, baina garrantzitsua da ahalik eta gehien zabaltzea, baita sare sozialen bidez ere. «Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu, bakoitzak bere aletxoa jarriz ea osatzen dugun behar dugun dirua». Komunikabideen arreta ere ari dira erakartzen. «Ostiralean –gaur– ETB1eko Euskal Herria Zuzenean saiorako grabatuko digute elkarrizketa».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide