Tasa ehuneko 10 igota, aiarrek zaborraren kudeaketa kostu osoa ordainduko dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko azaroaren 21a

Asteazken iluntzean 2015eko Ordenantza Fiskalak onartu zituzten Aian. Zaborraren tasa, uraren faktura eta etxez etxeko gizarte zerbitzua izan ezik, gainontzeko tasa eta zergetan ez da igoerarik izango. EAJren aldeko sei botoekin eta Bilduren kontrako bi botorekin atera ziren aurrera 2015eko Ordenantza Fiskalak. Alde batetik, %10 igoko da zaborraren tasa 2015ean eta hiru hilabetero 4,46 euro gehiago ordaindu beharko du Aiako familia bakoitzak. Igor Iturain Aiako alkatearen esanetan, tasen helburua «zerbitzuaren kosta kubritzea da eta %10eko igoera aplikatuta, Aiako Udalaren zabor kudeaketa kostu osoa ordaintzera iritsiko dira herritarrak». Bestetik, uraren fakturak %5eko igoera izango du. Aiako Udala 2011tik Ur Kontsortzioko kidea da, eta erakundeko batzarrean aho batez onatu zuten Ur Kontsortzioa osatzen duten herri guztietan uraren tasa %5 igotzea. Horretaz gain, Gizarte Zerbitzuen barruan ere izango da aldaketarik. Izan ere, etxez etxeko zerbitzuaren prezioa 9 eurotik 12 eurotara igoko dute datorren urtean. «Egun 18 eurokoa da zerbitzuaren kostu osoa, eta baldintza ekonomiko jakin batzuk bete behar dituzte herritarrek hobariak izateko», azaldu zuen Iturainek. Aiako Udalaren iritziz, ordea, «herritar orok du zerbitzu hori jasotzeko aukera», eta horregatik zerbitzuaren erabiltzaile guztiek 12 euro ordaintzea adostu dute; 9 eurotik 12 eurorako igoera Gizarte Zerbitzuek aholkatuta izan dela nabarmendu zuen Aiako Udaleko idazkariak. Bilduko kideek ez zuten babestu udalak 2015erako aurreikusitako tasa eta zerga proposamena. Alde batetik, argudiatu zuten Gizarte Zerbitzuen arloan ez lukeela igoerarik egon behar. Bestetik, uste dute hondakin organikoa auzokonposta edo autokonposta bidez biltzen duten herritarrek%40 hobariak izan behar lituzketela  zaborraren tasan. Zaborraren gaiak hautsak harrotu zituen, eta Aiako alkateak arlo horretan zituen zalantzak azaldu zituen asteazkeneko udalbatzarrean. Iturainek uste du zaborraren kudeaketari dagokionez Gipuzkoa ez dela eredu, eta gauza asko dituztela egiteke Aian eta, oro har, eskualdean. «Baina udal elkarteari dagokio zabor bilketa eraginkorra eta jasangarria izan dadin azterketa integrala egitea», gaineratu zuen alkateak. Horretaz gai, Iturainek gogoratu zuen udal elkarteak ez diela herritarrei informazio osoa ematen. «Herritarroi birziklatzeko eskatzen zaigu, baina ez dakigu horrekin zer gertatzen den; zertara bideratzen da? etekinik ateratzen al da?». Aiako alkatearen iritziz, informazioa beharrezkoa da herritarrak kontzientziatzeko eta egiten duten ahalegina balioan jartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide