Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauztar askoren etxeetara sartu eta urte osoan irauten dute zintzilik, sukaldeko horman edo beste edozein lekutan. Ori-Zautz gobernuz kanpoko erakundeak 15 urte daramatza Ruandaren aldeko egutegiak argitaratzen. Jada turroia eta loteria bezain ohiko bihurtu da Gabonen buelta honetan. Aurten ere ez dute hutsik egin, eta Zarauzko argazki zaharrekin –eta orain arte gutxi ikusiekin– osaturiko 2015eko egutegia jarri dute salgai; 900 ale argitartu dituzte, eta herriko 54 dendatan eros daiteke, 5 euroan.
Egutegiaren azalean Iñurritza auzoa nabarmendu dute, Bazen behin Iñurritza auzoan... izenburupean. Bertan, garai bateko hiru argazki zahar jaso dituzte, eta behealdean, Maria Etxetxikiren biografia laburra, haren erretratu eta guzti. Herriko jende xehea omentzeko ekimena izan dela aditzera eman dute. Testua Ori-Zautz erakundeko kideek eskainitako bertsoez lagunduta doa.
Atzoko ikuspegia
Hilabetez hilabete hartuz gero, honako argazkiak bistaratuko dituzte herritarrek: urtarrilean, Santa Marinako ermita eraikitzen; otsailean, Villa Josefina, Arruti Altzariak eta Laguntasuna Kooperatiba eraikinak; martxoan, Getaria bideko bigarren tunela egin aurreko paisaia; apirilean, Trinitate kaleko ermita; maiatzean, diligentzia bat orduko udaletxe aurrean (Musika Plazan); ekainean, kukaña festa moilan; uztailean, moilaren irudia, erdiko pareta egin aurretik; abuztuan, hondartza eta Narros jauregia; irailean, Euskal Jaietako karroza prestatzen; urrian, jai giroa Munoan; azaroan, Trinitate ermitaren atzealdea, Narroseko lorategitik ikusita; eta abenduan, Santa Barbaratik hartutako herriko irudia, trenbidea herrira iritsi zenekoa.
Egutegiaren kontrazalean, azkenik, Ruandako Mugina herrian aurrera daramaten egitasmoen berri eman dute.
Iñurritzako Etxetxiki baserriko andrea, herriko emagina baino gehiago
Zarautzen alde lan isila egin duten herritarrak goraipatzeko asmoa erakutsi du Ori-Zautz erakundeak, eta 2015eko egutegirako Maria Etxetxiki omendu nahi izan dute. Maria Eizagirre Lopetegi izen-abizenez, Añurbe baserrian jaio zen 1886an. Iñurritzako Etxetxiki baserriko Antonio Leunda Aginagarekin ezkondu zen, eta hamaika seme-alaba izan zituen. Emagin lanetan aritu zen gaztetatik, Evaristo Uranga medikuarekin, baina beste hainbat lan ere egin zituen: txertoak jarri, hilzorian zeudenak lagundu, Iñurritzako eliza zaindu...