Urteta abenduan itxiko dute, baina Lapatxen itxiera atzeratu egingo da

Onintza Lete Arrieta 2014ko azaroaren 20a

Datorren udaberrian itxi behar zuten Lapatx, baina epeetan atzerapenak egongo dira. (Olatz Prat) Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak argi esan du: "Urteta abenduaren 23an itxiko dela ziurtatzen dut". Azpeitiko Lapatx zabortegia 2015ean ixtea, berriz, ez da hain gauza ziurra. Horren harira, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea ere argi mintzatu da: "Dudarik gabe, une honetan dugun informazioaren arabera, Lapatx ez da itxiko aurrez esandako datan". Izan ere, Zubietako TMB Tratamendu Mekaniko Biologikoko plantak martxan egon behar du Gipuzkoako zabortegi guztiak itxi ahal izateko, eta planta horren eraikuntza urtebete atzeratuko da. Hala jakinarazi dute gaur prentsaurrekoan Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du lortu Zubietako TMB planta egiteko ingurumen baimena luzatzea Jaurlaritzak. "Erabaki politikoa" dela salatu dute Errazkinek eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak. Jaurlaritzak, berriz, bere erabakia arrazoitzeko esan du baimena errauste planta eta TMB planta egiteko eman zuela, eta oraingo proiektua beste bat dela, eta beraz, berriz egin behar dela eskaera. Errazkinek esan du Jaurlaritzaren erabakiak prozedura administratibo berria egitea eskatzen duela, eta tramite horrek urtebete inguru beharko duela. Horregatik atzeratuko da denbora hori Zubietako plantaren eraikuntza. Eta horregatik ezingo dituzte itxi zabortegi guztiak 2015a amaitu aurretik, orain arteko aurreikuspena hori bazen ere. Urteta ixten bada abenduan, Beasaingo Sasieta eta Azpeitiko Lapatx gelditzen dira Gipuzkoako hondakin guztiak jasotzeko. Lapatx berez 2015eko udaberrian itxi behar zuten, eta haren ondoren Sasieta, 2015a amaitu aurretik. Orain airean dago dena: bai bi zabortegi horien itxiera datak, bai hurrenkera bera ere. Izan ere, Errazkinek gaur esan du aldundia mankomunitateekin elkartuko dela "elkarrekin aztertzeko" zein diren egoera berrira egokitzeko eman beharreko pausoak. Baina argi esan du Gipuzkoak orain arteko bideari jarraituko diola, moldaketak moldaketa. Salaketa gogorrak Azpeitiko alkateak hitz gogorrak izan ditu gaur Jaurlaritzaren erabakiaren harira. HITZAri honela esan dio: "Azpeitiko herria Gipuzkoa osoarekiko guztiz solidario izan da. Zabortegia ederki sufritzen dugu; aurreko legegintzaldian luzapena eman ziotenek esplikatu beharko dute. Orain, ixteko data genuen, konpromisoa ere bai, eta gure herriak babesten zuen errauste plantarik gabeko itxiera bat. Alternatiba erreala eta gauzagarria. Batzuek esango dute, inkonpentente batzuek garela, baina beraiek hartu dute erabakia: Jaurlaritzak Lapatx ez ixtea erabaki du. Eta ia nola esplikatzen dion hori azpeitiarrei. Bigarren mailako herritarrak gara honetan ere. Jaurlaritza gure Madril partikularra da. Alderdikeria nagusi". Illarramendirentzat, "arduragabekeria handia da" Jaurlaritzaren erabakia. Prentsaurrekoan Beasaingo alkate Koldo Agirrek hitz egin du hiru alkateen izenean: "Harrituta eta haserre hartu dugu Jaurlaritzaren erabakia. Gure herrietako bizilagunak kaltetzen ditu zuzen-zuzenean". Errazkinek eta Intxaurrandietak ere salaketa gogorrak egin dituzte. "Jaurlaritzaren erabakiak ez du inolako oinarririk; EAJk Jaurlaritza erabili du bere interesen alde", zioen Errazkinek. Intxaurrandietak, berriz, azpimarratu du Jaurlaritzaren txostena "teknikoki onartezina" dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide