Ereduak errotik aldatzeko premia

Ane Olaizola 2014ko azaroaren 21a

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta data horren harira, indarkeria matxistaren arazoa azaleratuko dute eskualdean udalek, Bilgune Feministak, Emakumeen Mahaiek eta beste eragile batzuek. Agerraldian Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako eta ikastetxeetako ordezkariak izan ziren (Ane Olaizola/Hitza) Elkarretaratzeez gain hainbat ekintza egingo dituzte, eta dagoeneko hasi dituzte saioak, herritarrek kontzientzia hartu dezaten. Emakumeenganako indarkeria mota askotakoa izan daitekeenez, hainbat ikuspegitatik hausnartzeko aukera egongo da, eta Azpeitian, esaterako, gazteengan jarriko dute fokoa. Gazteak eta indarkeria matxista. Zertan ari gara? Nola egin aurre? Gai hori ardatz hartuta mahai inguru bat egingo dute Josebe Iturriotz berdintasun teknikariak, Susana Manzanedo Sortzen Aholkularitzako kideak eta Haizea Egiguren eta Axier Baglietto Arremanitz kooperatibakoek, Lorea Aizpuruak moderatuta. Azkoitiko eta Azpeitiko Hezkidetza Foroak antolatu du saioa. Bi udalek sustatuta, herriko ikastetxeek osatzen dute ekimena, gazteengan «errespetua, askatasuna, autonomia eta berdintasuna» oinarri dituzten harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko urratsak emateko asmoz. Finean, «denon artean indarkeria gabeko jendarte bat eraikitzeko» lan egiten dute. «Indarkeria matxista, zoritxarrez, gure gizarteko errealitateetako bat da. Ez dira kasu isolatuak: gure ikastetxeetan ere gertatzen dira horrelakoak eta emakume guztioi eragiten digu, gizarte baldintza, familia estatus, adin, erlijio eta nazionalitate desberdinetakoak izan arren», esan zuten atzo bi udaletako eta ikastetxeetako ordezkariek eman zuten prentsaurrekoan. Horien arabera, indarkeria honek emakumeen bizitzako hainbat eremutan du jatorria, eta «egiturazko ezberdintasun egoera» da. Indarkeria, beraz, desberdintasun horren «adierazgarririk larriena» dela azpimarratu zuten: «Gizarte egiturak mantendu eta kontrolatzeko tresna da, ezberdintasun egoera iraunarazi egiten duelako». Hezkidetza Foroaren arabera, ezin da indarkeria matxistaren aurka egin gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu gabe eta harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko moduak aldatu gabe. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dute «erreferente positiboak» edukitzea. «Xedea ez da gazteriak egungo eredu kaltegarriak antzematea bakarrik, baita maitasuna eta sexualitatea modu askeagoan eta berdintsuagoan bizitzen ikastea ere». Hain zuzen, hori du ardatz foroak, eta «gizarte justuagoa» eraikitzen laguntzen duten eguneroko jarrerak lantzen dituzte gazteekin. Neskekin, esaterako, autonomia eta jabekuntza sendotzeko jarrerak lantzen dituzte, eta mutilekin maskulinitate hegemonikoaren eredutik aldentzen dira, eta matxismoari zilegitasuna kentzeko jarrerak jorratzen dituzte. Hezkidetzaren arloan «urrats berriak» hartu dituzte ikastetxeek. Legeari dagozkion mugak kontuan hartuz, eta kasuan kasuko azterketa egin ondoren, honako bost konpromiso hartu dituzte: irakasleen artean gaia landuko dute; gurasoei informazioa emango diete; ikasleekin gaia landuko dute, tutoretzetan. Hiru kasuetan, behar izanez gero saio bereziak antolatuko dituzte, gainera; «Ahal denean eta egoki iritziz gero», ikastetxe guztiek erantzun bateratua emango dute; eta, azkenik, indarkeria salatzeko antolatzen diren herri mailako ekimenetan parte hartu dezaten animatuko dituzte ikastetxeetako kide guztiak. Zarautzen prostituzioaz Zarautzen, berriz, besteak beste prostituzioaz eta haren zilegitasunaz eta egiten zaion balorazio moralaz eztabaidatuko dute, Charo Roquerok La prostitución en la historia de Euskal Herria bere azken liburuaren aurkezpenean. Era berean, gizonezkoei zuzendutako ikastaroa egingo dute. Gizonak: maitasunean eta berdintasunean oinarritutako harremanak saioa eskainiko du Josetxu Riviera Gizonduz elkarteko kideak, eta bertan hezkuntza sexistak maitasun erromantikoan eta bikoteen arteko harremanetan duen eraginaz hausnartuko dute. Emakumeentzako autodefentsa ikastaroak ere izango dira han-hemenka, norberak bere buruarekiko konfiantza garatzeko eta erasoen aurrean erabil ditzaketen defentsa teknikak ikasteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide