Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtebete atzeratuko da Zubietako TMB Tratamendu Mekaniko Biologikoko planta, Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak gaur prentsaurrekoan aurreratu duenez. Ondorioz, zabortegi guztiak ez dira itxiko orain arte esandako epeetan, eta Osinbeltzeko proiektua ere atzeratu egingo da. Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zion aldundiari ez duela luzatuko Zubietako TMB plantarako emandako ingurumen baimena, baimen hori aurreko aldundiaren proiektuari eman baitzion eta oraingoa proiektu ezberdina delako.
Beraz, aldundiak prozedura administratibo berria eskatu beharko du. Oraindik zer pauso eman zehazteko du aldundiak, Errazkinek esan duenez: "Mankomunitateekin bildu eta aztertuko dugu egoera berria. Moldatu egin beharko dugu egoera berrira, baina ez da aldaketarik egongo", ziurtatu du.
Errazkinekin batera izan dira prentsaurrekoan Beasaingo, Azpeitiko eta Zarauzko alkateak, hiru herri horietan daudelako gaur egungo zabortegiak. Zarauzko Urteta, esaterako, abenduaren 23an itxi behar zuten, baina orain airean dago hori. Ez dute data zehatzik eman oraingoz. Esan dutena da 2015 amaitu aurretik ez direla hiru zabortegiak itxita egongo, orain arte plana hori zen arren. Orain egoera aztertu, eta erabaki beharko dute zein zabortegi itxi aurrena, eta noiz.
Koldo Agirre Beasaingo alkateak hitz egin du hiru herrietako alkateen izenean. Esan du "Eusko Jaurlaritzaren erabakiarekin erabat harrituta eta haserre" daudela, baina lanean jarraituko dutela. "Gure herritarrei eragingo die kaltea zuzen-zuzenean. Zabortegiak ixteko plangintza bat bazuen aldundiak, eta orain zalantzan jarri da dena".
Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak ere hartu du hitza: "Oso albiste txarra da, baina guk jarraituko dugu gure planarekin, eta gaia sakon aztertuko dugu orain zer egin erabakitzeko. Jaurlaritzak arduragabekeria handia egin du". Prentsaurrekoaren ondoren, HITZArekin hitz egin du, eta ziurtatu du Urtetaren epea mantendu egiten dela: "Urteta abenduaren 23an itxiko dela ziurtatzen dut". Esan du Zarauzko zabortegian ez dagoela toki gehiago, eta "oztopoak oztopo", aurrera jarraituko dutela planarekin.