"Bi herrien arteko harreman ekonomikoak indartzeko asmoz" doa Euskal Herriko ordezkaritza bat Manresara (Katalunia), Azpeitiko Udala buru dela.
Eneko etxeberria Azpeitiko alkateak Manresa hiria bisitatuko du asteburu honetan "Ignaziotar lurraldearen inguruko interes ekonomikoak eta turistikoak lantzeko eta idartzeko helburuarekin". Alkateaz gain, Azpeitiko Udaleko Mikel Ibarzabal alkateordea eta herriko turismo eta kirol ordezkariek ere bidaiatuko dute Manresara. Iker Ruiz de Egino, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria eta Arantza Madariaga, Basquetourreko zuzendaria (Eusko Jaurlaritza) ere egongo dira bertan.
Beste batzuen artean, Azpeitiko delegazioa Valentí Junyent Manresako alkatearekin bilduko da.
Junyent Azpeitian egon zen apirilean Manresa 2022 proiektua aurkezteko eta "elkarlaneko zubiak bilatzeko" helburuarekin. Udalak "begi onez" ikusten du helburu hori eta "zubi horiek eraikitzeko asmoa" adierazi du.
Loiolako Inaziok 1522. urtean Loiolatik Manresara egindako ibilbideak, Ignaziotar bidea deiturikoak, 500 urte beteko ditu 2022. urtean. Aitzakia horrekin, bi herriek "arlo guztietan beraien arteko harremanak indartu" nahi ditztela adierazi du Udalak, batez ere, ekonomikoan. Azpeitiko Udalak azpimarratu duenez, ekonomiarentzat lagungarri izan daitezkeen ekimen guzti hauek sustatzen saiatuko da.