Joseba Illarramendi eta Esther Uribetxeberria: "Gure borroka ez da esatea hondakinen zein eredu den hobea"

Nerea Uranga 2014ko azaroaren 20a

Joseba Illarramendi eta Esther Uribetxeberria Zestoako Harrobi Herri Plataformako kideak (Nerea Uranga/Hitza). Hilabete inguruko ibilbidea du Zestoako Harrobi Herri Plataformak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Osinbeltzen hondakin geldoen biltegia jartzeko asmoa azaldu bezain pronto hasi ziren biltzen herritarrak. Lehen batzar irekian 200 herritar inguru bildu ziren, eta orain ia 600 sinadura bildu dituzte. Joseba Illarramendi (Zestoa, 1974) eta Esther Uribetxeberria (Azpeitia, 1977) plataformako kideak dira. Zein helbururekin sortu zen herri plataforma? Joseba Illarramendi: Hasieratik bi helburu garbi ditu: bata, irizpide bat izateko, Osinbeltzerako proiektuaren ahalik eta informazio gehiena biltzea da. Eta bigarrena, Zestoako herriak herri galdeketaren tresna izatea, Zestoak nahi al duen edo ez erabaki ahal izateko. Bigarren helburu hori lortuta dago, eta lehen helburu horretan ari gara lanean. Sortu zenetik orain arte zer egin du plataformak? J.I.: Plataforma antolatzeko lanean ari gara, eta dagoeneko hiru bilera egin ditugu. Tarte honetan, berriz, sinadurak bildu ditugu, eta 500-600 tarte horretan gaude gaur egun. Hurrengo pausoa, herri batzar ireki bat egitea izango dugu, eta han herritarren parte hartzea ahalbidetzeko martxan jarriko ditugun lantaldeen berri ematea. Lantaldeek eremu desberdinetan jardungo dute: lege arloan, maila teknikoan, zientifikoan, ingurugiro arloan, osasun arloan, geologikoan eta ekonomian. Hori dena antolatzeko logistika talde bat ere osatuko da. Gero, talde horiek esku artean duten informazioa ia sortzear dugun webgunean bilduko dute, horrela informazioa denok partekatzeko. Esparru desberdinak ukituz, Osinbeltzerako proiektuaren inguruko herri mugimendu aktibo bat izan nahi du plataformak. Zein da benetan herri plataformakoon kezka nagusiena? J.I.: Hondakinen kudeaketan bi ereduren arteko talka bat dago: eredu batek bukaeran errauste planta bat du. Besteak, gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan daukanak, bukaeran zabortegi bat du. Baina, guk hasieratik garbi jarri nahi dugu, gure borroka ez da zein eredu hobeagoa den esatea. Plataforman ia 600 lagunek eman dute sinadura eta hor iritzi desberdinak daude. Guk onartzen dugu, eta barneratzen dugu Foru Aldundiak hondakinen inguruan hartutako bidea. Guk zalantzan jartzen duguna da, hartutako bide horren bukaerako planteamendu hori: hau da, Osinbeltz harrobiarekin egitea nahi dena. Hain zuzen, hori da hasiera-hasieratik zalantzan jartzen duguna. Eredu honek bukaera emateko zabortegi bat behar du, eta hori esateko gai gara, bai alde teknikotik eta bai lege aldetik ere. B2B motako zabortegi bat behar du, lixibiatuak eta gasak ateratzeko prestatuta dagoen zabortegi bat. Orduan, guk zalantzan jartzen duguna zabortegi hori ipintzeko toki egokiena Zestoako Osinbeltz al al den da. Esther Uribetxeberria: Batik bat, dituen ezaugarriengatik. Bateren batek esan dezake: euren herrian ez dute nahi eta besteren batean bai? J.I.: Ez, ez, hori ez da horrela. Osinbeltzen jarriz gero, zabortegi bat herritik 200 metrora egongo litzateke, akuiferoekin eta Urola ibaia 50 metrora duela. Gauza serio batetaz ari gara, eta astakeria handi batetaz. Zestoan izan arren, beste baldintza batzuk izango balitu ez ginatekeen hor sartuko, baina bilduta dugun informazioaren arabera, justu Osinbeltzen planteatzea astakeria handi bat da. E.U.: Otsailaren 24ko 49/2009 dekretuan zabortegi bat eraikitzeko kontuan hartu beharreko bost irizpide aipatzen dira. Bost horiek banan-banan hartuz gero, Osinbeltzen ezingo litzateke eraiki: ez dauka babes naturalik, herri batetik gertu dago, aldamenean ibaia dago, eta azpian akuiferoak dauzka. Osinbeltzen biltegia edo gordelekua egingo dela esaten da, baina zabortegi batetaz ari gara, eta hori hala dela defendatzeko erreminta guztiak ditugu. Eta, azkenean, hori da kezkatzen gaituena. Alemaniako legedia esaten da, eta hark dio TMB planta batetik irteten den hondakinak zein egonkortasun neurri izan behar duen zabortegi batetara botatzeko. Alemanian tratatu gabeko hondakinik ezin da bota zabortegi batetara. Gaur egun hemen egiten denarekin alderatuz, askoz hobeto dago, hori egia da, eta hori ez dugu ukatzen. Esan bezala, guk ez dugu aldundiak emandako pausoa eta eredua zalantzan jartzen. Erakundeekin zer harreman du plataformak gaur egun? J.I.: Udalarekin harremanetan gaude, eta udalak sortu duen batzordean parte hartuko dugu. Parte hartzeko eta gure ikuspuntua adierazteko ez dugu batere arazorik. Gainera, horretarako gogoarekin gaude. Herri plataformaren helburua parte hartze hori bultzatzea eta jendearekin informazioa partekatu eta guk dakiguna jakitera ematea da. E.U.: Aldundiari , berriz, Zubietako TMB plantaren proiektua eskatu diogu behin baino gehiagotan, baina oraindik ez daukagu. Oraindik proiektua bukatzeko dagoela esan ziguten azkena. Erantzun al dizuete zergatik aukeratu duten Osinbeltz? J.I.: Lurraldeko Zatikako Plan (LZP) bat landu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta han azaltzen da Osinbeltz zergatik aukeratu duten. Baina orain, plan hori onartu egin beharko da, eta horrek onartu aurretik bide bat du. E.U.: Osinbeltz aukeratzeko irizpideen arabera: autobidetik gertu dago; %50 inguru jabego publikokoa da; eta, harrobia handia da. Zestoako harrobia aukeratzeko  Eusko Jaurlaritzak harrobiak berreskuratzeko ateratako gida batean oinarritzen dira. Baina, gida horretan, harrobiak eraikuntzatik ateratako material naturalarekin berreskuratzea jasotzen da. Osinbeltzeko harrobiak ez dauka babes naturalik, eta babes artifiziala jarri beharko litzateke, eta horrek huts egitea badauka. Harrobi bat da, eta hor aurretik leherketak egon dira. Beraz, garbi al daukazue dagoeneko Osinbeltzen ez dela egin behar? J.I.: Ez, ez. Baina gaur egun guk daukagun informazioarekin, garbi ikusten ari gara Osinbeltzerako planteatutakoa hanka sartze bat dela. E.U.: Garbi daukagu harrobia zabortegi bat izateko ez dela egokia. Baina, oraindik Zubietako TMB plantaren proiektua ez daukagu, eta zehatz ez dakigu, tratatu ondoren handik hondakinak nola aterako diren eta zer egonkortasun maila edukiko duten. Baina, zabortegi normal batentzako Osinbeltzeko harrobia ez dela egokia iruditzen zaigu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide