IRITZIA: Osinbeltz, irtenbide duin bat

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 20a

IRITZIA: Zestoako ezker abertzaleko hautetsi ohiak: Joseba Azpeitia (alkate ohia), Juan Jose Odriozola, Joseba Alberdi eta Nerea Goikoetxea (zinegotzi ohiak). Gipuzkoako Foru Aldundiak Osinbeltz harrobian kokatu nahi duen hondakin geldoen biltegiaren aurrean, ondoko hausnarketa luzatu nahi genuke. Hasteko, harrobiaren ustiaketak hamarkadetan Zestoako herriari eginiko kaltea azpimarratu behar da, jakina denez, azkenean herritarren borrokari esker, harrobia ustiatzeko lanen lizentzia bertan behera utzi zuen udalak eta badira urte batzuk leherketak amaitu zirela. Hala ere, naturari eginiko zuloak hor jarraitzen du eta degradatutako eremuaren berreskurapena, harrobiaren ustiaketarekin onura ekonomikoak jaso dituen enpresaren gain egonda ere, honek, egindako kaltea konpontzeko ez du inolako asmorik agertu eta beste askotan lez, enpresa pribatuek egindako kaltea, guztion diruarekin konpondu beste erremediorik ez da gelditu. Berreskurapen proiektuak burututa badaude ere, Zestoako Udalak proiektuaren gauzapenari inondik inora ere ekonomikoki ezingo lioke aurre egin. Eta aurre egiteko aukera izanda ere, zuloa betetzeko adina material eskuratzeko zailtasunak gaindiezinak lirateke. Gauzak horrela, Gipuzkoan garatu den hondakinen bilketa sistemaren ondorioz, aukera bat sortu da. Birziklatu ezin den zabor domestikoa, Zubietan eraikiko den goi teknologiadun planta batean tratatu ondoren, konpostaren moduko hondakin geldo, hots, inolako aktibitate biologikorik gabea, bihurtuko litzateke. Honek ez luke ez kiratsik, ez lixibaturik, ez eta inolako animalia edo organismo bizidunik erakarriko. Hau baieztatzeko, arrazoi zientifiko ugari ditugu eskueran, eta Europa erdialdean, nagusiki Alemanian eta Austrian, urteak daramatzate teknika honekin hondakinak kudeatu eta eremu degradatuak berreskuratzen. Gure ustez, behingoz Ertxin mendiaren magala bere onera ekartzeko benetako aukera baten aurrean gaude. Estatuan eta Europa hegoaldean burutuko den lehenengoetako proiektu aurrerakoiena litzateke, eta honek gure herria mapa berdean kokatuko luke. Errauste plantaren proiektua bertan behera utzi izana eta Gipuzkoan lortzen ari garen birziklatze neurriek garbi erakusten digute zero zabor bidean hondakin politika jasangarri bat posible dela. 2004an Zestoan burutu zen herri galdeketaren bidez hondakinak erraustean oinarritzen zen sistemaren aurka bozkatu zuten % 91k. Garai hartako Foru Aldundiko agintariek pantomimatzat jo zuten %60tik gorako partaidetza izan zuen galdeketa bera. Herritarrek, berriz, garbi erakutsi zuten ez zutela inolako errauste plantarik nahi, ez herrian eta ez inon. Orduan jarri zen martxan errausketa baztertu eta hiri hondakinak kudeatzeko eredu berriaren hazia. Bestalde, egia da oraindik ere lan asko dagoela egiteko eta Gipuzkoako herri asko daudela birziklatze maila oso apaletan. Ondorioz, herri guzti horiek Zestoako herriari GHKren bitartez egingo lioketen ekarpen ekonomikoa oso garrantzitsua izango da. Besteak beste, herriko azpiegitura ezberdinak bultzatzeko eta bestelako politika sozialak garatzeko. Era guztietara, proiektua ontzeko herritarrengandik eginiko ekarpen guztiak (neurri zuzentzaileei eta bermeei dagokienez) ongietorriak izango dira. Gogoratu, herrian hondakinen bilketa sistema berria martxan jarri aurretik, sekulakoak eta bi entzun behar izan genituela. Gaur da eguna, sobera demostratua gelditu dena bilketa sistema egokia eta eraginkorra dela. Ondorioz, Osinbeltz berreskuratzeko aukera duinaren aurrean gaude. Urteak lanean daramatzaten adituen arabera, hondakin bizigabeak ez du inolako usairik eta kalterik egiten ahal. Sinesgarritasuna dago jokoan eta beste hainbat kasutan bezala, proiektu faraoniko eta interes ekonomikodunen gainetik, gure herriaren etorkizuna proiektu jasangarrietan oinarritu behar dela garbi erakutsiko da. Harrobia gelditzea herritarrontzat onuragarria izan zen bezala, berreskurapena ere halaxe izango da herritarrek nahi badute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide