Bere lehen Michelin izarra jaso du Elkano Jatetxeak. (Iturria: Getariako Udala)
Asteazken gauean ospatu zuten Marbellan (Andaluzia, Espainia) 2015 Michelin Gida gala eta Getariako Elkano jatetxeak munduko jatetxerik onenen artean kokatu da. Urte berezia izan da aurtengoa Elkano Jatetxearentzat, aurten 50. urte bete baitira Pedro Arregik jatetxea sortu zuenetik. Dena dela, une gogorrak ere bizi izan dituzte 2014an Elkano Jatetxeko kideek Pedro Arregi hil baitzen otsailean. Egun sortzailearen seme Aitor Arregik zuzentzen du Elkano Jatetxea.
Gipuzkoan, beste bederatzi jatetxek dituzte Michelin izarrak: Arzak, Akelarre eta Martin Berasategui (hiruna izar), Mugariz (bi) eta Zuberoa, Miramon Arbelaitz, Alameda de Hondarribia, El Mirador de Ulía eta Kokotxak bana, Elkanok bezala.
Getariako turismo teknikari Maribi Arangurenen iritziz «ohore handia» da Getariarentzat herriko jatetxe batek Michelin izarra jaso izana. «Poz handia hartu dugu Elkanoko familiagatik eta hamarkadetan zehar ondo egindako lanaren aitortza dela uste dugu Udaletik».
Getariako Udala herriko ostalarien artean kalitatea eta ondo egindako lana sustatzen ari da eta hori lortzeko herriko jatetxeak buru-belarri lanean dabiltzala azaldu du turismo teknikariak. Oro har lan bikaina egiten dutela uste du Arangurenek. «Ostalaritza arloan punta-puntan gaude eta Getariak badugu zeresana munduko gastronomian».
1960. hamarkadan arraina parrillan oso-osorik, azal eta guzti, erretzen lehen sukaldiaria izan zen Pedro Arregi getariarra. Elkano Txikian izan zen hori. Garai hartan Orio ezaguna zen, bisigua eta txuleta parrillan erreta prestatzen zelako, eta Getarian ere egiten zuten hori. Bisiguak osorik, azal eta guzti parrillan erreta hartzen zuen ukitu bikainaz jabetuta, gainontzeko arrainak modu berean prestatuta ederki geratuko liratekeela pentsatu zuen Pedro Arregik eta arrakasta izan zuen ideiak. 1970. hamarkada amaieran. 1980. hamarkada hasieran pasa ziren Arregitarrak egun Elkano jatetxea duten eraikinera eta ordutik hamarkadaz hamarkada bertan eskaintzen duten kalitateagatik bereiztu izan dira. Jendearekin komunikatzea, bezeroak gustura izan daitezen zuhurrak izatea eta gauzak ondo egitea izan da Elkano Jatetxearen filosofia.