IRITZIA: Konplimenduak

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 20a

Iritzia. Bostekoa. Jesus Mari Olaizola ‘Txiliku’. Ibon Sarasolaren hiztegian konplimendu hitza begiratuz gero, hauxe irakurriko duzu: konplimendu. iz. (1571). 1. Zah. Konplitzea, betetzea. Gurutzean da santutasunaren konplimendua. Konplimendu osoa. 2. Batez ere pl. Adiskidetasun edo adeitasunezko hitzak. Konplimenduak egin. Bigarren adiera horri (plural eta guzti: konplimenduak) lotuta doa gaurko nire berriketaldia; konplimenduak eta kortesiazko formulak aipatzera noa, alegia. Euskaraz erabiltzen diren (ziren?) kortesiazko formuletako asko galtzen ari dira azkeneko urteetan. Galtzen, erabiltzen ez direlako, jakina, edo erdarak edo erdaratik egindako kalko okerrek haien lekua hartu dutelako. Norbaiten urte-betetzean (eta ez norbaiten zorionetan) «Zorionak!» esan ohi da. Ni ez nago zorionak esatearen aurka, baina esango nuke erdarazko ¡Felicidades! dabilela horren atzean. Berezkoagoa zen lehen erabiltzen zen «Urte askotarako!» edo «Urte askoan!». Formula hori apaindu ere egin zitekeen, halako komunikazio-aberastasun edo konplizitate kutsua jarriz. Esaterako: «Urte askoan. Txapela kaskoan» edo «Urte askotarako. Zenbat erori dira, ez bada atrebentzia?». «Urte askotarako» horrek baditu beste erabilera batzuek ere: halaxe esaten dugu norbait aurkezten digutenean (adiskidea, senarra, bikotea, alaba…). «Hau halako eta halako da, halakoren alaba…» Eta zuk: «Urte askotarako». Gure bizitza arruntean erabiltzeko ezinbestekoak ditugu horrelako formulak. Ohiturak eta hizkerak sortutakoak dira. Esate baterako, norbaitek arropa, jantzia edo oinetakoak estreinatzen dituenean «estreinu on» esan ohi da (esan ohi zen?), edo «osasunarekin urratu» (erdaratik hartutakoa ote?). Kortesia erabiltzen duenari «ondo hitz egina» dela esaten zaio, edo «ondo erakutsitakoa» edo «gizabide handikoa». Bitxia da, baina gaur egunean errazago hasiko ginateke eztabaidatzen «gizabide» hori «politikoki» zuzena den ala ez (giza/gizon hori dela eta), benetan ondo erakutsiak izan behar dugun ala ez aztertzen hasi baino. Eta bitarte horretan euskarak urteetan zehar bildutako altxorra, hainbat egoeratako hainbat formula ahazten ari gara. Izan ere, formulek zurrunegiak badirudite ere, urte askotako esperientzia dute atzean, eta euskaraz adierazteko makulu baliagarriak dira oraindik ere. Makina bat erakusbide jar daitezke oraindik ere maiz eta ondo erabiltzen ditugun kortesiakoak deitu ditzakegun «formula egin» horietan. Esaterako, «zer moduz, aspaldiko?» galde egiten digutenean, badugu hainbat esaldi pentsatu ere egin gabe ezpainetara etortzen zaizkigunak: «Ondo esan beharko», «ondo esan beharko, osasuna badugu eta», «ondo, eta zu?», «hementxe, tirriki-tarraka», «hementxe, askok nahi baino hobeto eta geuk nahi baino okerrago». Izan baditugu, baina ez da beti aurreko kasu horretan bezain erraz etortzen ahora nahi genukeen erantzuna. Zenbait kasutarako erabilgarriak diren formula egokiak ahazten ari zaizkigu; berreskuratu beharko genituzke. Adibidez, nola adierazten zaizkio doluminak familiako norbait hil zaionari? Lehen ohitura zen «laguntzen dizut zure atsekabean» esanez hastea eta «orain osasuna emendatzeko» esanez amaitzea. Norbaitek esan dezake hotza dela, baina hortik aurrerakoa beti da egingarria, eta bi horien artean guk nahi dugun beste sar dezakegu, sentimenak eskatzen edo eskaintzen digun adina. Adierazi nahi dugun hori nola hasi asmatu ezinik gabiltzanean, ordea, sekulako makulua da horrelako formula bat esku artean (mihiaren puntan, hobeto) prest edukitzea. Konplimenduak egingo ditugu eta ondo erakutsiak garela adierazi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide