Aser Lertxundi Kirol zinegotzia eta Iban Perez kirol egokitu federazioko lehendakaria, hitzarmena sinatzen
(Amaia Ventas)
Kirol egokitu arloko ekitaldi berezia antolatu dute iganderako: behar bereziak dituzten Euskal Herriko haurren topaketa izango da Zarautzen. Iaz Gasteizen egin zuten topaketa hori, eta aurten udalerrian ospatuko dute, Aritzbatalde kiroldegian, zehazki. 10:00etatik 13:00etara haurrek hainbat kiroletan parte hartu ahalko dute, eta elkar ezagutuko dute; harremandu, eta bakoitzaren egoeraren jakitun egin. Bide batez, Zarauzko umeei kirol egokitua zer den erakusteko ere «aberasgarria» izango da ekitaldia.
Elkartu ondoren, 10:00etan argazkia aterako dute guztiek elkarrekin. Horrek emango dio hasiera topaketari. Ordu horretatik aurrera, eta 13:00ak arte, hainbat kirol praktikatzeko aukera izango dute. Besteak beste, igeriketa, saskibaloia eta pala.
Hitzarmena berritu
Gainera, hitzarmena berritu dute Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Zarauzko Udalak. Iaz sinatu zuten lehenbiziko aldiz. Horren bidez, federazio horrek egiten duen «izugarrizko lana» aitortu, elkarlanerako konpromisoa berretsi eta bide hori lantzen jarrai dezan diru laguntza emango dio udalak. 15.000 euro, hain zuzen.
Aser Lertxundi Kirol zinegotziak jakinarazi duenez, eskualdean 40-50 bat herritar dira behar bereziak dituztenak. Horregatik, guraso talde bat udalarekin jarri zen harremanetan, eskatuz lanketa bat egitea euren seme-alabek eskola kirola praktikatu ahal izateko. Amaia Elizondo Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideak azaldu du zein izan den Zarauzko problematika. Batetik, esan du behar bereziak dituzten haurrek ez zutela babesik eta laguntzarik eskola kirola egiteko, eta bestetik, euren adineko gainontzeko umeekin harremantzeko eragozpenak zituztela, ezin baitzuten haiekin kirol jarduerarik egin.
Arazoen berri izandakoan, behar bereziak dituzten haurrei laguntzeko erronka hartu zuen udalak, eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin jarri zen harremanetan. Hortik sortu zen proiektua. Hainbat bilera egin ostean, hiru talde sortu zituen federazioak 6-17 urte bitarteko haurrekin. Ume bakoitzaren beharren arabera osatu zituzten taldeak.
Hain zuzen, proiektu hori «eredugarria» dela nabarmendu du Iban Perez Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko lehendakariak, eta esan du Zarauzkoa Gipuzkoa osora zabaltzea dutela helburu. Kirol zinegotziak ere garrantzia eman dio gai honi: «Gizarte solidarioago bat lantzen laguntzen dute halako ekimenek, guztien beharrak aintzat hartzen eta baloreak sustatzen. Hori oso garrantzitsua da, are gehiago bizi dugun egoeran».