Garaipen berri bat eskuratu dute asteburuan Babyauto Zarautz Rugby Taldekoek

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 19a

Sasoian.info
Emerging El Salvador B izan zuten aurrez aurre, sailkapenean beheko postuetan dabil taldea, eta 17-30ko emaitzaren gailendu ziren zarauztarrak. Hala ere, maila handia erakutsi zuten aurkariek zelaian, nahiz eta beltzak izan ziren nagusi.
Babyauto Zarautzek hainbat lesioren eta bajen ondorioz, ezin izan zuen nahi zuen taldea osatu, eta 15ekoa osatzeko postu aldaketa ugari egin zituen larunbateko partidan. Eguraldia ere ez zuten lagun izan, hotz handia eta euri finaz jokatu behar izan zutelako denbora guztian. Arazo batengatik edo bestearengatik, hasierako minutuetan makal aritu ziren, akats asko eginez. Hori dela eta, nahiko parekatuta aritu ziren 10-13ko emaitzara arte. Hortik aurrera abantaila areagotzea lortu zuten: 5 metrotara egindako zigor kolpe bati esker eta Jon Estrada eta Anton Larrañagaren joko bikain bati esker, beste entsegu bat lortu zen. Hala, 10-20 emaitzarekin joan ziren beltzak atsenaldira .
Bigarren zatia ere lehenaren antzera joan zen, zarauztarren nagusitasunarekin. Joko bizkorra, jokaldi luze eta azkarrekin. Honi esker Babyauto Zarautz Rugbykoek metroak irabazi zituzten eta etxekoen 22 metrotako marraren gainean geratu ziren. Maul bati esker eta Mikel Ezeiza azkoitiarraren bultzadari esker, entsegu bat gehiago gehitu zen markagailuan (10-25). Agustin Quevedok ordu erdi beranduago eginiko jokaldi berri batekin beste 5 puntu gehitu zituzten zarauztarrek. Etxekoak indarrean jarraitu zuten baina, eta 70. minutuan zarauztarren entsegu marra gainditzea lortu zuten, 17-30eko behin betiko emaitza ezarriz.
Garaipenari esker, Durangorengana gerturatzen hasi dira sailkapenean; azken honek bere partidan ez zuen bonusik lortu. Hirugarren postua Burgoseko Aparejadoresentzat da, zarauztarrengandik 5 puntura. Hurrengo partida hemendik 15 egunera izango da, CRAT A Coruñaren aurka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide