Zarauzko Putzuzuloko gutuna, urteurreneko ospakizunak amaitu direla-eta

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 18a

Xakela gaztetxeko asanbladak, Putzuzulo Amets fabrikako 9. urteurrena antolatu, gozatu eta ospakizunekin amaitu dugu. Hasieran esan bezala garai erabakiorretan murgilduta gaude eta norabide berdinean joan da aurtengo urteurrena; bide berriak urratzeko asmoarekin abiatu ginen urriaren 30ean eta hamabost egunetan zehar autogestioa, ilusioa, antolakuntza eta maitasunarekin zenbat gauza egin daitezkeen erakutsi dugu beste behin. Mila esker benetan ekintzetan parte hartu duzuen guztiei, antolaketan parte izan zaretenoi, ekintzak aurrera ateratzen diruz zein babesaz lagundu gaituzuenoi. Zerrenda luzeegia litzateke hemen jartzeko, baina jakin badakizue! Plazer handia izan da herritarren babes hain handia sentitzea, ekintzek inoiz baino magia gehiago izatea eta bide berriak urratzeko bultzada sentitzea.

Honek ez du atzera bueltarik. Salberdin eremuko hirigintza proiektuaren lehen mugimenduak gero eta hurbilago dauden honetan, azken negoziazioari ekiteko prest gaudela esan genuen. Eta guk, behintzat, argi daukagu helburua: izan dadila behin betiko toki finko bat edukitzeko. Eraikin iraunkorra gure proiektu soziokulturalarentzat. Horixe nahi dugu. Herriari egunero egindako ekarpenak toki segurua izan dezala, besterik ez. Hori dela eta, udalari arduraz jokatzeko exijitzen diogu, ausardiaz. Eta herritarrei ere bai: aurrera begira, herrian luzerako izango den proiektua egituratzeko urratsak orain abiatuko dira, eta horrek guztion ardura eta konpromisoa eskatzen du.

Bide hau, ordea, zuek guztiekin egin nahi dugu, elkarrekin urratu nahi ditugu zuekin bideak. Eta hasitako prozesu hau inoiz baino bide parte-hartzaileagoa izatea gustatuko litzaigukeelako datozen hilabeteetan eragileekin egon, herritarren iritzia jaso eta ditugun behar eta desioetatik proiektu bat aurkeztu nahi dugu. Baina ez hori bakarrik. Datozen hilabeteak, erabakiorrak direnez, gure eredua balioan jarri eta eskaintza sozial eta kultural aberatsa eskaintzen jarraitu nahi dugu, dudarik gabe.

Urte hauetan guztietan milaka lagunei ametsak sortarazteko gai izan gara eta, gainera, horietako asko egia bihurtu dira dagoeneko. Baina, adi, beste makina bat ditugu eta oraindik buruan! Amets horiei teilatu berria jarri behar diegunez, esnatu eta mugitzeko sasoia dela esan nahi dizuegu. Oraintxe da garaia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide