Dagoeneko eman daiteke izena Zarauzko Bikote Mistoen 36. Kroserako

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 18a

Ainhoa Murua eta Ion Unanuek dute Bikote Mistoen Kroseko errekorra Urtero legez, Bikote Mistoen 36. Krosa jokatuko dute hainbat eta hainbat herritarrek datorren abenduaren 7an. Zarauzko Kirol Elkarteko Atletismo Sailak antolatutako  proba irekia da hori.  16 urtetik gorako gizonezkoek eta emakumezkoek osatutako bikote orok hartu ahalko du parte proban. Iaz  1.714 lagunek hartu zuten parte Bikote Mistoen Krosean. Guztira 7,5 kilometro eta erdi egin beharko dituzte korrika parte-hartzaileek herrian zehar. Udal kiroldegitik abiatuko dira lasterkariak 10:20ean, eta Musika Plazan amaituko dute lasterketa, hiru itzuli emanez, bat motza eta bi luze, hurrenkera horretan. Aurten hainbat aldaketa egin dute ibilbidean, lehenbiziko itzuli luzean, hain zuzen. Tropela ez pilatzeko Gaztainpe kaletik Zigordia kalera hartuko dute korrikalariek—aurreko urtetan Gipuzkoa kaletik Kale Nagusira jo  ohi zuten parte-hartzaileek— , ondoren udaletxe aurretik pasatuz eta Musika Plazako bihurgunea igaroz Santa Marina kalera joz. Gainontzean, urterokoa izango da ibilbidea. Gehienez ordubeteko denbora izango du bikote bakoitzak helmugara iristeko. Antolatzaileek jakinarazi dute bikotekideek elkarrekin sartu beharko dutela helmugara. Ez badute hori betetzen, lehiaketatik kanpo geratuko dira, eta antolatzaileen irizpidearen arabera, saririk jaso gabe gera daitezke. Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketaren marka Ion Unanue eta Ainhoan Murua zarauztarrek dute, 27 minutu eta 7 segundotan lortu baitzuten ibilbidea osatzea aurreko proba batean. Izena emateko hainbat bide 20 euro ordaindu beharko dira parte hartu ahal izateko. Dagoeneko eman daiteke izena. Horretarako bi bide daude. Batetik, www.herrikrossa.com webgunera sartu ahalko dute. Eta bestetik, Helmuga kirolak dendara jo. Egunean bertan ere izango da izena ematekoaukera. Horiek, ordea, 30 euro ordaindu beharko dituzte. Irteera gunean, proba hasteko ordu erdi falta denean egin ahalko da hori. Dortsalen banaketa bi egunetan egingo da: abenduaren 6an 18:30etik 20:30etik eta lasterketaren egunean 08:30etik 10:00etara. Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, biak. Egunean bertan kontsigna zerbitzua egongo da, Aspanogiren eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide