Hiru aste igaro dira, Pilarren eta zure urrezko ezteiak zirela eta, Santa Klarako atarira hurbildu ginela. Elizkizunaren bukaeran, arraunak altxatu eta dotore asko brodatutako txapela eta zapia jantzi genizkizuen, zuen biloben aurresku sentikorraren eraginez bustitako masailak lehortzen zenituzten bitartean. Segidan, Otzarretaren barruko terrazan mokadutxoa egin eta zu agurtzera joanda, zera esan genizun: "Guk, berez, ez genuen etorri nahi, Joxe; baina luntxa zegoela enteratu eta animatu egin gara!". Zure erantzunak ez zuen itxoin: "Hor bota duzue arrazoi sakona, motillak!", bota zenigun, bostekoa emateko zeure hatzapar erraldoiak luzatzen zenizkigun bitartean. Izan ere, halakoxea zen ikasi genizun umorea, ironiaz betea; eta bereziki, horixe da zugandik geratuko zaiguna. Zure gorputz okerra ere bai, noski! Baina bereziki zure izaera alai hura.
Izaera horrekintxe zipriztindu zenuen ZAE osoa ere. Geure oroimenean geratu dira zure ateraldi gogoangarriak: "Nik esan nitxien: "Motillak... gaur jo berra ziok! Ta motillak jun ta jo!!"; "Motillak... zoragarriyak zeate!"; "Pastel puska hori kontrako estarrira jun dek! Nerea jun berrian, hirea!"; eta abar amaigabe bat. Hori bai, izaera horrekin, eta baita borondatezko lan izugarri batekin ere.
Baina zer diren gauzak! Ospakizun hartatik hiru astera, hemen gaude orain, beste elizkizun baten atarian berriro ere arraunak altxatzekotan, baina oraingoan zuri bakarrik!! Pilarren, familia osoaren eta hainbeste maite zaitugunon goxotasuna jaso eta berehala joan zara. Eta horrek tristetu egiten gaitu, bai; baina une hain pozgarriaren ondoren joan zarela sentitzea ere gauza ederra da; pozik hil zarela, alegia. Are gehiago agian: pozez hil zarela!! Eta horregatik, irribarrez eta irribartsu gogoratzen eta gogoratuko zaitugu, Joxe!! Neska-motillak... gora arraunak!!