Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Raka Maraton Atletismo Taldeak antolatuta, Azkoitiko Herri Lasterketa egingo dute larunbatean. Aurrez izena emateko azken eguna izango da biharkoa, eta Azkoitiko Zubiaurre Elkargunean eta Azpeitiko Robers Aradi saltokian inskribatu daiteke, hamar eurotan. Internet bidez ere eman daiteke izena, www.herrikrossa.com edo www.rakamaraton.com atarietan. Kasu horretan, 10,7 euro ordaindu beharko dira. Egunean bertan ere izena eman ahal izango da, lasterketa hasi baino ordubete lehenagora arte, 15 eurotan.
16:30ean hasiko da proba, eta parte-hartzaileek hamar kilometrotako ibilbidea izango dute aurretik. Urteroko ezaugarriak izango ditu lasterketak: plazatik hasita, itzuli txiki bat eta bi handi egingo dituzte herrian zehar. Ibilbide osoa herrigunean izango da, eta irteera eta helmuga plazan izango ditu. Besteak beste, Ibai Ondo kalea, Altzibar Etorbidea, Kale Nagusia eta Trenbidearen Zumardia zeharkatuko dituzte. Nahi duenak ibilbide osoa ikusgai dauka sarean, www.rakamaraton.com helbidean.
16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute lasterketan, eta norbanakoez gain, taldekako sailkapena ere egingo dute. Lau korrikalari arteko taldeak egin daitezke, baina gutxienez emakumezko batek egon behar du taldean. Era berean, gehienez lautik bi lagunek egon beharko dute federatuta, eta izena egunean bertan eman beharko dute. Txip bidez kontrolatuko dute lasterketa, eta horiek larunbatean banatuko dituzte, 15:15etik 16:10era bitartean.
Aurten, hamargarrenez egingo dute lasterketa, eta ohiko sari eta trofeoez gain, antolatzaileek esan dute urtemugaren harira «sari ugari» zozkatuko dituztela.