Jose Mari Ansola, Olaia Sainz eta Juan Antonio Roman (Amaia Ventas/Hitza).
Urola Kostako Udal Elkartea apustu irmoa ari da egiten azken urteotan pertsonen eta enpresen garapenaren inguruan, horiek merkatuaren eskarietara «modurik eraginkorrean» egokitu daitezen. Horretarako, hainbat kanpaina eta proiektu garatu ditu enpresen zein langileen lehiakortasunari begira. Horien artean, egitasmo berritzaile bat egin dute aurten:
Pertsonen garapena, kultura eraikitzailearen bidean programa.
«Gure erronka handienetako bat da enpresetan eta eskualdean kultura eraikitzailea bultzatzea», nabarmendu du Olaia Sainz Urola Kostako Udal Elkarteko teknikari eta proiektuko koordinatzaileak: «Izan ere, guk uste dugu enpresek merkatuko eskaerei eta beharrei erantzun behar dietela lehiakorrak izateko. Horretarako, enpresek zein langileek gaitasun zehatzak behar dituzte». Programa horrek lagundu die horretan.
Trebatze lan horretan, sei hilabeteko programa jarraitu dute «izaera oso ezberdineko» eskualdeko bost enpresek. Tartean, Zumaiako Mendiaraiz soldadura eta galdaragintza enpresak eta Zarauzko Aner informatika sistemen zerbitzuak. Urola Kostako Udal Elkarteak aholkularitza eta languntza eskaini die enpresei zein bertako langileei, «kultura eraikitzailearen bidean pertsonen garapena diseinatu eta dinamizatzeko». Enpresa bakoitzaren funtzionamendua baloratu dute zuzendaritzako kideek eta langileek, eta hortik abiatuta, aurrera begira hobetu beharrekoak identifikatu dituzte. Lantaldeak sortu dituzte, enpresa bakoitzaren barruan lehenbizi, eta beste enpresekin batera, ondoren.
Bost enpresek euren artean harremanak izan dituzte proiektuak aurrera egin duen heinean, eta bide batez, batak bestearen errealitatea ezagutzeko aukera izan du.
Enpresa guztien parte hartzea «oso trinkoa» izan da proiektuko koordinatzaileak jakinarazi duenez, bai denbora aldetik, bai jarrerari dagokionez. «Bost enpresa izanik ere, bakoitzak denbora asko eskaini behar izan du. Langile guztiek parte hartu behar izan dute».
Zentzu horretan, giza baliabideak modu eraginkorrean kudeatzen ikasi dute, konpetentziak eta ezagutzak indartuz emaitza hobeak lortze bidean. Era berean, langileen errendimendua ere modu zehatzagoan aurreikusi eta beren garapena emaitzetara bideratu dute.
«Gainditu gabeko irakasgaia»
Mendiaraiz enpresak programa honetan parte hartzea erabaki zuen enpresan langileen parte hartzea bultzatzeko. Duela urte batzuk krisiaren eraginez pertsonala «apur bat murriztu» behar izan zutela azaldu du bertako zuzendari kudeatzaile Juan Antonio Romanek.
Denbora bat pasata, lehendik enpresan lanean aritu ziren langile batzuk berriz kontratatu ahal izan zituzten. «Gure asmoa izan da langile horiek enpresatik gertuago sentiarazi eta horien parte hartzea sustatzeko neurriak hartzea».
Pertsonei lotutako alorra «gainditu gabeko irakasgaia» zelako erabaki zuten Aner enpresako buruek
Pertsonen garapena, kultura eraikitzailearen bidean programan parte hartzea. «Gabezia bat genuen. Ohartu ginen ez ginela gai zenbait jarrera, teknikoak ez zirenak, neurtzeko eta ebaluatzeko», nabarmendu du Jose Mari Ansola zuzendariak. «Enpresa munduan zera esan ohi da: neurtzen ez dena, ezin dela hobetu. Hori da, beraz, lehenbiziko pausoa: jarrera horien jakitun izan eta horiek neurtzea».
Enpresa «modu globalean» ebaluatu nahi izan dute: bai langilegoa, bai zuzendaritza bera. «Enpresa osoa neurtu da, argazki orokor bat atera eta hortik abiatuta, etorkizunean zer hobetu eta nola garatu zehazteko». Ansolak esan du proposamenak hasieran «beldurra eta mesfidantza» eragin zituela: «Inori ez zaigu gustatzen ebaluatuak izatea». Helburua azaltzean, berriz, nabarmendu du guztiek proposamena «bere egin» eta onartu zutela, eta ondorioz, prozesua «oso parte-hartzailea» izan dela.
Jarraitzea, garrantzitsua
Nahiz eta proiektua bukatu den, mankomunitateak zein enpresek eurek ere jarraipena emateko asmoa dute. «Antzerako proiektuetan jarraitzea da helburua. Izan ere, ikusi dute pertsona dela enpresetako ardatza, eta horren aldeko apustua egiten jarraitu nahi dute», zehaztu du Sainzek. Hala, Urola Kostako Udal Elkarteak epe motzeko erronka gisa jarri du enpresetan «etengabeko kultura hori» eratzen jarraitzea. Izan ere, Sainzen arabera, garrantzitsua da antolakuntza eredu berriak bilatzeko prozesua iraunkorra izatea. Horregatik, etorkizunera begira enpresa horiekin lanketa egiten jarraituko duela aurreikusi du Sainzek.
Sainzekin bat datoz Roman eta Ansola. Biek ala biek gomendatu diete beste enpresei halako egitasmoetan parte hartzea, «zalantzarik gabe». Halako proiektuekin «langileek enpresa hobeto ezagutu dezakete eta horrek enpresaren beraren garapenean lagun dezake», nabarmendu du Romanek.
Ansolarentzat «oso arrakastatsua» izan da, eta gizarteari gomendatu dio, oro har: «Gaur egun enpresa kultura hierarkiko bat dugu; enpresa eta langilea bereizten ditugu. Horrek ez du laguntzen». Hala, enpresa futbol talde batekin alderatu du: «Futbol talde batean ezin ditugu jokalariak eta entrenatzailea bereiztu. Gauza bera gertatzen da enpresetan. Bi aldeek batu egin behar dute, bestela mugak nabarmentzen dira».
http://youtu.be/QMet8wKPQnY