Zarauzko musikariek Manolo Urbietarekin ospatuko dute Santa Zezilia Eguna

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko azaroaren 17a

http://youtu.be/gwexFpoa2J0

Udaberri, parrokiako Schola Cantorum, Montetxio eta Zarautz abesbatzek, Nahiko Larri Trikiti Taldeak, Zarauzko Goizeko Ihintza txistulari taldeak eta herriko txistulari eta atabal joleek parte hartuko dute larunbatean. (Egilea: Aritz Mutiozabal) http://youtu.be/gwexFpoa2J0 Larunbatean Santa Zezilia Eguna izango da, eta Urola Kostako hainbat herritan musikarien egunaren bueltan kontzertuak eta kalejirak antolatu dituzte eguna ospatzeko. Zarautz da horietako bat; aurtengoan, gainera, Manolo Urbietak 80 urte beteko dituela  aprobetxatuz, Santa Zezilia Egunean Urbietari omenaldia egin nahi idiote Udaberri, parrokiako Schola Cantorum, Montetxio eta Zarautz abesbatzek, Nahiko Larri Trikiti Taldeak, Zarauzko Goizeko Ihintza Txistulari Taldeak eta herriko txistulari eta atabal joleek. Zarautz Abesbatzako zuzendari Jaione Eskuderoren esanetan, Manolo Urbietak Santa Zezilia Eguna txikitiatik «lagun artean eta musikaz gozatuz ospatu izan du», eta aurtengoan herriko taldeak bildu eta Manolo Urbietarekin batera denek elkarrekin ospatzea pentsatu dute. Horretarako, Zarauzko kaleak goizean goizetik girotzeaz gain, sei taldeek Manolo Urbietaren hainbat abesti prestatu dituzte eta elkarrekin interpretatuko dituzte larunbat arratsaldean. Herriko jatorrak, Agur Herria eta Goazen anai maitiak kantak abestuko dituzte arratsaldean kalez kale. Larunbatean 19:00ak inguruan Santa Zezilia Egunari amaiera emateko aipatutako abestiak eta Elkar gaitezen lagunak abestia kantatuko dituzte herritarrekin batera Musika Plazan. «Herritarrek ere bertan parte hartzea nahi dugu, abestiak bantuko ditugu eta denok elkarrekin Manolo Urbietaren kantak abesteko aukera izango dugu». Manolo Urbieta bera ere saioan izango da. Gari Berasaluze Zarauzko Kultura zinegotziaren iritziz, larunbateko eguna Manolo Urbietak musika arloan egin duen lana aitortzeko eguna izateaz gain, «urtean zehar musika arloan lan egiten duten guztien lana eskertzeko eguna ere izango da». Horregatik, zarauztarrak larunbaterako antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzera eta musikaz gozatzera gonbidatu nahi dituzte Zarauzko Udaletik

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide