"Sentsibilitate desberdinetako norbanakoak" batu nahi ditu Azkoitiko Sarek

Ane Olaizola 2014ko azaroaren 15a

Azkoitiko Sare aurkeztuko dute abenduaren 20an
(Ane Olaizola) Herritar talde batek Azkoitiko Sare mugimendua hasi du, preso, deportatu eta iheslarien eskubideen defentsan lan egiteko. Euskal Herrian konponbideak "guztien bultzada" behar duelakoan eta gatazkaren ondorioen arloak "garrantzia berezia" duelakoan, preso eta iheslarien "giza eskubideak errespetatzeko" elkartu dira hainbat herritar, Euskal Herri mailan sortu den Sare mugimenduarekin bat eginik. Pertsona desberdinen sarea osatu nahi dute horretarako, eta "sentsibilitate desberdinetako" herritarrak elkartu nahi dituzte, Euskal Herri mailako Sarek egin duen bezala: "Euskal Herri mailan Sare herritarrak dagoeneko badu bere ibilbidea, eta bere aurkezpen ekitaldian Juan Jose Ibarretxe, Karlos Garaikoietxea, Uxue Barkos, Jabier Madrazo, Rosa Rodero, Axun Lasa, Txaro Arteaga, Joan Mari Torrealdai, Juan Mari Olano... bezalako pertsona esanguratsuek eskaini diote babesa", adierazi dute. Azkoitian ere horretara iritsi daitezen, saretzen ari dira mungimendu. Herritarrek bat egin dezaten, azken asteetan lanean ari direla adierazi dute, eta aurreratu dutenez, izan dituzten harremanetan "harera oso ona" ari dira jasotzen. Hain zuzen, Azkoitiko Sare abenduaren 20an aurkeztuko dutela iragarri dute, 11:30ean, Elkargunean. Sarek giza eskubide guztien alde dauden pertsona denak biltzeko "bokazioa" duela azpimarratu dute hainbat herritarrek gaur egin duten agerraldian. Herritarrak izango dira "protagonista", eta bakoitzak bere arloan eragingo du: "Pertsona bakoitza sarearen puntu bat izanik, bakoitzak bere inguru naturalean egingo du lan, berdin eremu akadamikoan, kulturalean, kirolaren esparruan, herrian edo auzoan. Eta elkarren artean lotuko gaituena, guztion lana izango da: euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak euren giza eskubideen jabe izatea".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide