"Degradatutako tokiak materia geldoekin berreskuratzea irtenbide ona da"

Nerea Uranga 2014ko azaroaren 14a

Zestoako Osinbeltz harrobian materia geldoen biltegia jartzeko proiektua hizketagai izan dute gaur Gipuzkoko Batzar Nagusietan. Han Josep Maria Tost Kataluniako Hondakin Agentziako zuzendariak  Zestoako biltegiari buruzko galderak erantzun ditu. Materia geldoekin degradatutako espazioak berreskuratzea "soluzio ona" dela esan du: "Hondakinak ondo bizigabetuz gero, materia horrek ez du inongo arazorik sortzen". Tosten ustez, Gipuzkoako hondakinen kudeaketa "arrazoizkoa" da. Gaur egun, Tratamendu Mekaniko Biologikoko hainbat plantek hondakinak ondo bizigabetzen dituztela gaineratu du, eta Gipuzkoan hori eginez gero sistemak behar bezala funtzionatuko du Tosten arabera. Gaur egun hondakinen kudeaketarako azpiegitura malguak behar direla esan du, "hondakinen aldaketetara egokituko direnak, eta errauste plantak ez dira batere malguak. Hobea da askoz kontrolatutako biltegiaren aukera". Zestoako Osinbeltzerako proiektuak eta Cerdanyolakoak zerikusirik ez dutela ere azaldu du Tostek: "Cerdanyolara ez zen eramaten bizigabetutako materia". Zestoan Osinbeltzez herri galdeketa egitea ere ondo ikusten duela esan du. Hondakinak baliabide bilakatu beharra azpimarratu du Kataluniako Hondakinen Agentziako zuzendariak: "Birziklatzea XXI. mendeko herritarren betebeharra da. Ildo horretan, jendeak sortutako hondakinengatik ordaindu egin behar du. Arduradun politikoak eta gizartea prestatu egin behar ditugu horretarako. Baliagarria den ezer ezin dugu eraman zabortegira edo erre".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide