Konkurtso administratzaileak eta epaileak ez dituzte onartu TS erosteko eskaintzak

Ane Olaizola 2014ko azaroaren 14a

TS Fundicioneseko langileen manifestazio bat, uztailean
(Ane Olaizola) Zestoako TS Fundiciones enpresako langile ohiek ohar bidez jakinarazi dutenez, lantegia erosteko aurkeztu diren eskaintzak alboratu egin dituzte konkurtso administratzaileak eta epaileak, eta lehen fasea hutsik utzi dute. Honen aurrean, helegitea aurkeztu dute, aukera guztiak agortu ditzaten "enpresaren bideragarritasuna bermatzeko". Bi enpresek aurkeztu dituzte TS erosteko proiektuak: Gonvarri Renewable Industries eta Zpa Pecky . Langileen arabera, lehenengoak hiru urtetan 120 beharginentzat lana ematea jasotzen zuen. Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez, ordea, proiektua ez da likidazio planean eskatutako gutxienekoetara iritsi. Bigarren eskaintza Zpa Pecky enpresa txekiarrarena izan da, baina langileek informazio gutxiago dute horren inguruan: "Milioi bat euroko eskaintza egin du, baina ez du beharrezko %5eko fidantza jarri". Salatu dute eskaintzak hobetzeko aukera eman gabe erabaki dutela fasea hutsik uztea, likidazio planak horretarako aukera ematen zuelako. "Ardurabekeria handitzat" jo dute konkurtso administratzailearen eta epailearen erabakia, prozesua beste bi hilabete atzeratzea eragingo duelako. Zirgabetasun egoeran dira langile ohiak, ez dakitelako eskaintzak alboratzeak lantegia berriro irekitzeko aukerak ixten al dituen: "Konkurtso administratzaileak esan digu ez dakiela eskaintza berririk egongo den, eta ez dago eskaintza egin dutenek mantenduko dutenaren inolako bermerik". Erabakiaren aurka helegitea aurkeztu dute LAB eta ELA sindikatuek, lehen falsea amaitutzat eman ez dadin eta aukera guztiak aprobetxatu ditzaten eskatzeko. Epaitegiak helegitea onartuko duelakoan dira, "beti defendatu duguna bete dadin: TS bideragarria zen, da eta izango da". "Gizartearen beharren aurretik dirua" jarri dutelakoan, "interes askoko joko baten erdian" dauden langileak, eta "gure familiaren etorkizunarekin jolasean gabiltza", salatu dute. "Gure beldurra da, interes espekulatiboa gailenduko ote den. Jakin badakigu, konpetentzia berria eragoztea beste asmorik ez duten enpresari putreak inguruan dabiltzala". Egoeraren aurrean, erakunde guztiei dei egin die beste behin, prozesuan esku hartu dezaten eta enpresak "etorkizuna" izan dezan. Bien bitartean, langileek beren eskubide eta etorkizunaren alde borrokan jarraituko dutela berretsi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide