Kirol egokituko topaketak egingo dituzte Zarautzen, hilaren 23an

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 14a

[caption id="attachment_116621" align="aligncenter" width="300"]Aser Lertxundi eta Iban Perez hitzarmena sinatzen Aser Lertxundi eta Iban Perez hitzarmena sinatzen[/caption] Kirol Egokituko ekitaldi berezia antolatu dute iganderako: behar bereziak dituzten Euskal Herriko haurren topaketa izango da Zarautzen. Iaz Gasteizen egin zuten topaketa hori, eta aurten udalerrian ospatuko dute. 10:00etatik 13:00etara haurrek askotariko kiroletan ahalko dute parte hartu, eta elkar ezagutuko dute, harremandu eta bakoitzaren egoeraren jakitun egin. Bide batez, Zarauzko umeei kirol egokitua zer den erakusteko ere "aberasgarria" izango da ekitaldia. Elkartu ondoren, 10:00etan argazkia aterako dute guztiek elkarrekin. Horrek emango dio hasiera topaketari. Ordu horretatik aurrera, eta 13:00ak arte hainbat kirol praktikatzeko aukera izango dute, besteak beste, igeriketa, saskibaloia eta pala. Hitzarmena berritu Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Zarauzko Udalak hitzarmena berritu dute. Iaz sinatu zuten lehenbiziko aldiz. Horren bidez, federazio horrek egiten duen "izugarrizko lana" aitortu, elkarlanerako konpromisoa berretsi eta bide hori lantzen jarrai dezan diru laguntza emango dio erakundeak. 15.000 eurokoa, hain zuzen. Aser Lertxundi Kirol zinegotziak jakinarazi duenez, eskualdean 40-50 bat herritar dira behar bereziak dituztenak. Hori dela eta, guraso talde bat udalarekin jarri zen harremanetan, euren seme-alabek eskola kirola praktikatu ahal izateko lanketa egiteko eskatuz. Amaia Elizondok, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideak azaldu du zein izan den Zarauzko problematika. Batetik, behar bereziak dituzten haurrek ez zutela babesik eta laguntzarik eskola kirola egiteko, eta bestetik, euren adineko gainontzeko umeekin harremantzeko eragozpenak zituztela, ezin baitzuten haiekin kirol jarduerarik egin. Behar bereziak dituzten haurren beharrak asetzeko erronka hartu zuen udalak orduan, eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin jarri zen harremanetan. Hortik sortu zen proiektua. Hainbat bilera egin ostean, hiru talde sortu zituen federazioak 6-17 urte bitarteko haurrekin. Ume bakoitzaren beharren arabera osatu zituzten taldeak. Hain zuzen, proiektu hori "eredua" dela nabarmendu du Iban Perezek, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko lehendakariak. Gipuzkoa osora zabaltzea dute helburu, eta Zarauzko Udalarekin elkarlanerako konpromisoa izan da pausoetako bat. "Gizarte solidarioago bat lantzen laguntzen dute halako ekimenek, guztien beharrak aintzat hartzen eta baloreak sustatzen. Hori oso garrantzitsua da, are gehiago bizi dugun egoeran", nabarmendu du Lertxundik.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide