Olga Baion Berdintasun teknikaria, Esther Lizarralde Berdintasun zinegotzia eta Urrategi Alberdi alkatea, agerraldian(Ane Olaizola)[/caption] Azkoitiko Udalak, emakumeen mahaiak eta Zinetogram taldeak hainbat ekitaldi antolatu dituzte emakumeenganako indarkeria salatzeko. Gertu da azaroaren 25a, eta urtean zehar hainbat kanpaina antolatzen badituzte ere, data esanguratsu hori aprobetxatzen dute gaia azaleratu eta herritarrak sentsibilizatzeko. Esther Lizarralde Azkoitiko berdintasun zinegotziak adierazi duenez, emakumeek "emakume izate hutsagatik" jasaten dute indarkeria, eta honek hainbat adierazpen eduki ditzazke: "Eraso fisikoak, sexualak, psikologikoak, ekonomikoak, hitzezkoak eta sinbolikoak". Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna izanik, eraso horiek osotasunean azalerazi eta herritarrengan eragin nahi dute ekitaldien bitartez. "Erakundeek erantzukizun berezia dute; indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko desorekaren adierazpen larriena da, beraz, trataerak ere halakoa behar du. Ardatz estrategikoa ezinbestekoa da, eta horri eusten diogu prebentzio, heziketa eta arreta hobetzeko arloetatik". Era berean, erakundeen arteko koordinazioa eta indarkeria jasan dutenenganako arreta hobetzeko protokoloa lantzen ari da udala, eta hil honetako osoko bilkuran dira onartzekoak. Emakumeek beren eskubideetaz jabetu daitezen premiazkotzat jo du udalak, eta kontzientzia hartzeko ekintza bereziak egingo dituzte. Herritar guztiengana zabaldu dituzte ekimenak, sentsibilizatu eta esku hartu dezaten.