Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Haurren loari buruzko hitzaldi bat emango du Edurne Gerrerok Zarautzen bihar, Zikoinik Gabe egitasmoaren barruan. Zarauzko Parekidetasun eta Euskara Sailek antolatu dute egitasmoa, Sabeletik Mundura atariarekin elkarlanean. Horren helburua gurasotasunak sortzen dituen zalantzak eta kezkak argitzeko informazio zabala euskaraz ematea da, prozesu horren esparru guztiak ukituz. Horretarako, zazpi hitzaldi eta mahai inguru bat antolatu dituzte, apirilean hasi eta 2015eko maiatza bitarterako.
Larunbatekoa izango da hirugarren saioa. Haurren loa nolakoa den, nola garatzen den eta horrek haurren garapenean duen eragina azalduko du Gerrerok. Horrez gain, haurrak esnatzean zer egin eta gurasoen atsedeneko gakoak ere emango ditu Euskadiko Esnearen Ligako begiraleak.
Ondoren, bertaratzen direnek zalantzak eta kezkak argitzeko galderak egin ahalko dizkiote Gerrerori.
Zikoinik Gabe programako beste ekitaldiak bezala, biharkoa ere haurdun dauden edo haurdun geratzeko asmoa duten, zein 0-2 urte arteko umea duten familiei dago zuzenduta. Bikoteen kasuan, biek bertaratu beharko dutela jakinarazi dute, hitzaldiak haurtxoaren gurasoei zuzenduta baitaude.
Aurrez izena ematea derrigorrezkoa ez bada ere, gomendatu dute hitzaldira joateko asmoa dutenek aurrez jakinaraztea. Horretarako, 943-005177 telefonora deitu daiteke edo berdintasuna@zarautz.org helbidera idatzi. Halaber, bide horietatik eskuratu ahalko da informazio zabalagoa, baita berdintasunazarautz.wordpress.com webgunean ere.
Haurraren loari buruzko hitzaldia 11:00etatik 13:00etara izango da, Etxezabalan. Hurrengoa urte hasieran izango da, urtarrilaren 31n, haurren elikadura osagarriaren inguruan.