Oraindik eman daiteke izena Baigerako Jubilatuen Asteko ekintzetan parte hartzeko

miriam tamayo 2014ko azaroaren 14a

Urte asko daramatza Baigera Jubilatuen Elkarteak Bazkideen Astea ospatzen, baina «formula» ezberdinekin: «Lehen, herriko jende edadetuenari egiten genien omenaldia, baina duela bost edo sei urte, 90 urte zituzten jubilatuak omentzea erabaki genuen, eta hori da gure astearen helburua», esan dute Baigerakoek. Horregatik, aurten ere Azpeitiko erretiratuen astea antolatu dute astelehenetik igandera. Antolatzaileek diotenez, aurten 42 azpeitiar omenduko dituzte hurrengo igandean egingo duten bazkarian, eta bertan 160-180 pertsona inguru bilduko direla diote. Baigeratik azpimarratu dutenez, hurrengo asteko ekintzetan parte hartzeko txartelak salgai daude oraindik, eta hurrengo astean ere, izena emateko aukera egongo da. Txartelak Baigerako bulegoan jaso daitezke 10:30etik 12:30era. Honako ekintzetarako da derrigorrezkoa izena ematea: Aginagako sagardotegian egingo den askariarako; larunbatean egingo den mendi ibilaldirako; eta igandean Kiruri jatetxean egingo den bazkarirako. Bazkaria Baigerakoek antolatzen dute, eta omenduentzako opariak, berriz, Azpeitiko Udalak. Udaleko ordezkariek ere hartzen dute parte bazkari horretan. Bazkarira joan ahal izateko autobus zerbitzua eskainiko dute antolatzaileek. Autobusak San Martin Egoitzatik irtengo dira 13:30ean eta 14:00etan. Larunbateko mendi ibilaldirako, berriz, lineako autobusa hartuko dute 09:10ean, Azpeitiko osasun etxe aurrean. Azpeitiko Jubilatuen Asteko egitaraua - Azaroak 17, astelehena. 16:00etan. Karta jokoak: Punttua Baigera I.-n eta Tutea Baigera II.-ean. - Azaroak 18, asteartea. 14:30ean. Tolosako Txontxongiloen Museora bisita eta gero Aginagako sagardotegira. - Azaroak 19, asteazkena. 16:00etan. Karta jokoak: Mus azkarra Baigera I.-n eta Eskoba Baigera II.-ean. - Azaroak 20, osteguna. 16:00etan. Hitzaldia Baigera I.-ko aretoan eta txokolatada eguneko zentroan. 18:00etan. Txokolatada Baigera I.-n eta Baigera II.-an. - Azaroak 21, ostirala. 17:00etan. Bingo sari berezia. - Azaroak 22, larunbata. 09:00etan. Mendi ibilaldia Aizarnazabalera, Zestoako Bainuetxetik. Gero hamaiketakoa. - Azaroak 23, igandea. 09:15ean. Kalejira. 11:00etan. Hamaiketakoa Baigera I.-an. 12:30ean. Hildako bazkideen aldeko meza parrokian eta 90 urte betetzen dituztenei omenaldia. 14:15ean. Bazkaria Kiruri jatetxean eta omenduei opari banaketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide