[caption id="attachment_116383" align="aligncenter" width="300"]

Kortazarreko zelaia, atzean Elizelai etxebizitzekin. Amaia Ventas[/caption]
Etxebizitza sozialak eraikitzeaz gain, Kortazarren Hizkuntza Eskola Ofiziala ere egitea da Zarauzko Udal Gobernuaren asmoa. Iñaki Eizagirre Hirigintza zinegotziaren arabera, horrek mugimendua emango dio Iñurritza auzoari, "pizgarri bat" izango da. Udal Gobernua proposamen hori lantzen ari zela heldu da EspainiAko Auzitegi Gorenaren epaia:
2009an Eusko Jaurlaritzak eta Zarauzko Udalak sinatutako hitzarmena baliogabetu du. Akordio horren helburua Kortazarreko eremua Eusko Jaurlaritzari uztea zen, horrek bertan 150 etxebizitza eraikitzea zitzan. Erabakia udalaren aldekoa izanda ere, egungo udalak ez zuela plan hori aurrera eramango adierazi du Hirigintza zinegotziak: "Gure asmo beti etxebizitzen bolumena jaitsi eta bertan eraikiko litzaken ekipamenduari izaera soziala ematea izan da" .
Modu horretan, bost pisuko etxebizitzen ordez, lau solairukoak erabakitzea proposatu du Udal Gobernuak, eta etxepetan hizkuntza eskola atontzekoa. "Donostia eta Eibar artean ez dago ahalko zentrorik, eta aspaldiko eskaera bati erantzungo lioke horrek. Horrez gain, 4.000-5.000 ikasle inguru erakarriko lituzte Iñurritzara, auzoa biziberrituz".
Oraingoz lotuta ez duten arren, proiektu hori lantzea du helburu udalak. Zentzu horretan, auzotarrekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta gainontzeko alderdi politikoekin adostasunera heltzeko asmoa du, proiektua osatze aldera.
Auzoari zerbitzu publikoa eskaini
2009ko apirilean Elizelaiko bizilagunek Eusko Jaurlaritzak eta orduko udalak sinatutako lankidetza hitzarmenaren kontra bi auzi errekurtso aurkeztu zituen. 2011ko irailean errekurtso horiek prozedura bakar batean biltzea erabaki zuen Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak, eta apirilean, berriz, atzera bota zuen prozesu hori, bere osotasunean.
Horren aurrean jabe elkarte horrek Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen, eta kasazio-errekurtsoa aurkeztu bertan. Joan den ostiralean eman zuen erabakia auzitegi gorenak: Eusko Jaurlaritzaren eta udalaren arteko hitzarmena baliogabetu eta "partzialki" eman dio arrazoia Elizelairi. "Gorenak oinarritzen da 150 etxebizitza eraikitzeak hiri kalitatean izan dezaken eragina ez delako nahiko frogatzen erabaki du Elizelairi arrazoia ematea, eta ondorioz, bi erakundeen arteko hitzarmena atzera botatzea", azaldu du Eizagirrek.
Oraindik beste jabe elkarte batek aurkeztutako auzi-errekurtsoa erabakitzeke dagoela gogoratu du Hirigintza zinegotziak, Kortazarren mendebaldera dagoen Laurgain jabe elkartearena, hain zuen. "Ustekabe handiegirik gabe", erabakia ildo beretik joango dela dio.
Dena den, horrek guztiak "gutxienez irtenbide posibleak zein ezin daitezkeen izan" argitzen duela ohartarazi du Eizagirrek, eta aurrera begira zer egin beharko litzaken zehaztu: batetik, Kortazarren "hainbesteko bolumenik ez" duten etxebizitzak eraikitzea eta auzoari zerbitzu publiko zein sozial bat eskaintzea.
.