Azken urteotan Urola Kostan filmatutako film batzuk:

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 12a

Azken urteotan beste hainbat pelikula ere filmatu dituzte eskualdeko hainbat herritan, eta haietako batzuk orain daude ikusgai zinema aretoetan. Hona hemen azken urteotan eskualdean filmatutako film esanguratsuenetako batzuk: - Izarren Argia (2010, Mikel Rueda). 2010eko urrian estreinatu zuten filma. Besteak beste, aktoreen artean Maite Bastos eta Patxi Santamaria aritu ziren, eta figurante bezala azpeitiar batzuk aritu ziren. Azpeitiko Esklabetan filmatu zuten 2009ko ekainean eta uztailean. - Arriya (2011, Alberto Gorritiberea). 2010eko udan filmatu zuten Zestoan, Zumaian eta Lasao inguruetan. Zuzendari zumaiarraren filmak bost sari irabazi zituen 2011ko Malagako XIV. Zine Jaialdiko lehiaketan. Aktoreen artean Iban Garate azkoitiarra, Iñake Irastorza oriotarra eta Kandido Uranga zumaiarra daude. - Ocho apellidos vascos (2014, Emilio Martinez Lazaro). Zumaian eta Zarautzen filmatu ziren sekuentzia batzuk. Besteak beste Zumaiako San Juan Iturri eta Telmo Deunaren ermita agertzen dira bertan. 2013ko maiatzean pelikularako figuranteak aukeratzeko hautaproba egin zuten Zumaian, Getarian eta Zarautzen. Aurtengo martxoan estreinatu da Euskal Herrian. - Lasa eta Zabala (2014, Pablo Malo). Joan den otsailean Zumaiako Alde Zaharrean jardun zuten filmatzen. Urrian estreinatu dute filma. Bertan Iban Garate aktore azkoitiarrak parte hartu du. - Loreak (2014, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga). 2013ko apirilean Zarautzeko AP-8 autobideko ordainlekuan jardun zuten filmatzen. Autobideko hiru errei hartu zituzten horretarako. Talde teknikoan, besteak beste, Telmo Esnal zarauztarrak jardun zuen laguntzen; aktoreen artean daude, berriz, Itziar Aizpuru getariarra, Nagore Aranburu azpeitiarra eta Egoitz Lasa zarauztarra. Joan den hilean estreinatu zen filma.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide