Isilik! Eskualdea filmatzen!

Nerea Uranga 2014ko azaroaren 13a

Azaroak 5, asteazkena. Errezil. 08:30erako iritsi da Daniel Fernandez Erniope elkartera, azken egun gehienetan bezalaxe gaur ere 30-35 pertsonentzako bazkaria prestatuko baitu. Baina, Erniopen prestatuko duen azkenengo bazkaria da, «egun osoz Errezilen filmatzen jardungo duten azkenengo eguna baita». Herrian bertan erositako ogia eta barazkiak erabili ditu eguneroko otordua prestatzeko. «Goizean, bertako baserritar batek ekarri dizkit barazkiak; ogia-eta, berriz, herriko dendatik erosi ditut», dio sukaldariak. 13:00ak alderako prestatutako jatekoa hartu, eta Eitzeta baserrira igotzen da. «Eguraldi zoragarria egin digu egunotan, zientzia fikziozkoa, eta filmaketan parte hartzen ari direnek baserriaren atarian bazkaldu dute. Azken bi egun hauetan [gogoz ari du euria Errezilen], ordea, eguraldi txarragatik baserriko ganbaran bazkalduko dute». Erniope elkartean sukaldatzen gustura aritu da Fernandez, «lasai-lasai, neure erara jardun dut, eta elkarteko leihotik paisaia paregabea izan dut». Asier Altunaren film berria filmatzen jardun dute Errezilen eta Azpeitian. Errezilen uztailean jardun zuten aurrena, eta gero urriaren 16tik azaroaren 6ra artean aritu dira, Eitzeta baserrian. Ondoren, beste hiru egunez, Azpeitian jardun zuten filmatzen. Egun hauetan Donostian ari dira, eta etzi bukatuko dute filmaketa. Gipuzkoan eta Nafarroan egin dute, aurrez aipatutako herrietan eta baita Aldatzen, Andoainen eta Hondarribian ere. Txintxua Films ekoiztetxeak ekoitziko du, eta euskara hutsean idatzi eta filmatu dute. Altuna gidoilari eta zuzendariak filmaren nondik norakoaz hala esan du: «Baserriaren ingurua, desagertzear dagoen euskal kulturaren unitate sozioekonomiko-familiakoa ardatz hartuta, belaunaldi arteko gatazka eta elkarren arteko ulertu ezina kontatzen dut film honetan». Amama behin-behineko izenburuarekin abiatu zuen film berriaren proiektua, baina Errezilen filmatzeko azken egunetan oraindik behin betiko izenbururik ez duela dio Altunak. Errezilen, oro har Eitzeta baserrian filmatu dute gehiena. Baserri egokia aurkitzeak nahikoa lan eman ziola azaldu du Altunak: «Gipuzkoa osoan ibili ginen baserri baten bila. Ondoan sagasti bat zuen baserri bat nahi nuen. Errezilen baserri batean lagun batzuk bizi dira, eta bilaketa horretan haiengana etorri nintzen. Orduan, pareko bidetik ikusi nuen baserri hau: Eitzeta». Ez da inor bizi Eitzeta baserrian, eta etxejabeak ere hasiera-hasieratik prest azaldu ziren baserria uzteko. Hala dio zinemagile bergararrak: «Hasieratik prest azaldu ziren, eta gainera euskarazko zinema jarraitzen zutela adierazi zidaten, Bertsolari ikusita zutela...». Filmaketa ere segitu dute Eitzetakoek. Azaroaren 5eko arratsaldean, esaterako, hantxe zen baserriko bat: «Eguraldi txarra egiten du, beste ezer egiteko ez eta haurrak eskolan diren bitartean denbora pasa etorri naiz ikustera». Baina, azken egunetan ez beste guztietan eguraldiarekin zorte ona izan dutela dio filmaren zuzendariak. «Uztailean baserriaren kanpo aldean filmatu genuen, eta orain urrian batik bat barruan aritu gara lanean». Errezilgo filmaketako azkenaurreko egunean Eitzetako baserriko gela txiki batean ari dira hainbat eszena errodatzen. Iraia Elias aktore zarauztarra da sekuentziotako protagonista. Lantaldeko guztiak ondo jantzita daude, hotz egiten baitu. «Isilik denok! Filmatzen!». Errodatu dute eszena bat. Berehala gau giroko beste bat filmatzeko prestaketak egiten hasi dira lantaldekoak. Kanpoan euria ari du, gogoz. Azken eguna dute Eitzetan, eta taldeko batzuk filmazioko gauzak jasotzen ari dira furgonetetara. Eskualdeko asko lantaldean Hileta bat ere filmatu dute Eitzetan, eta Errezilgo eta Azpeitiko lagun batzuk ere hartu dute parte figurante bezala. Errezilen egin beharreko lana amaituta, filmeko lantaldea Azpeitira joan da. Azaroaren 6an, 7an eta 8an jardun dute bertan. Aurrena, Azpeitiko Alde Zaharraren eta Damaso Azkue auzoaren artean aritu dira. Gero, Loiolako Inazio Hiribidean (Etxebeltz-Izarrako etxebizitzetan) ere beste sekuentzia batzuk filmatu dituzte, kalean eta etxebizitza batean. Filmeko protagonisten artean asko dira Urola Kostako aktoreak. Familia bereko lau belaunaldi dira filmeko pertsonaia protagonistak: gurasoen paperean Kandido Uranga zumaiarra eta Klara Badiola; seme-alabenean Iraia Elias zarauztarra, Ander Lipus eta Manu Uranga zumaiarra; errainarena Nagore Aranburu azpeitiarrak egin du; amonarena Amparo Badiolak; eta, bilobena, Unax eta Aiora Zalduak. Lantalde teknikoa, berriz, Asier Altunaren ohiko lankideek osatzen dute: Telmo Esnal zarauztarra da zuzendari laguntzailea, Javier Agirre argazki zuzendaria eta Laurent Dufreche muntatzailea. Artikutzan ari dira egunotan. Uztailean hasita, hainbat etenaldi ondoren, zazpi asteko filmatze lanak etzi bukatuko dituzte. Datorren urteko udaberrirako egongo da prest filma. Asier Altunak bakarka idatzi eta zuzendutako lehen fikziozko lan luzea da.  2011n Bertsolari dokumentala egin zuen, eta 2005ean Telmo Esnalekin batera Aupa Etxebeste. Azken urtean, berriz, Zela Trovke -Belarra mozten eta Soroa film laburrak estreinatu ditu Altunak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide