Zarauzko Lizardi Sarira lanak aurkezteko epea zabalik dago

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko aza. 13a, 05:05

Zarauzko Udalak martxan jarri du Xabier Lizardi Saria, EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan. Ipuin lehiaketa horren helburua haur eta gaztetxoentzako literatura suspertzea da. 18 urtetik gorakoek har dezakete parte lehiaketan. Lanek euskaraz idatzita egon beharko dute, eta originalak, inoiz argitaratu gabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute. Gaia librea izango da, eta partaide bakoitzak lan bat baino gehiago aurkez ditzake. Bestalde, makinaz zein ordenagailuz idatzita egon beharko dute ipuinek, lerro artean tarte bikoitza utzita eta DIN A-4 neurriko orrietan. Lan bakoitzaren bi ale bidali beharko dira, ongi josiak, zenbakituak, koadernatu gabe eta era soil batez tolestuta. 24.000 karaktere baino gutxiagoko lanik ez dute onartuko. Izengoitiarekin sinatuta egon beharko dute, eta aparteko gutunazal itxi baten barruan adierazi beharko dira izengoitia, izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Posta arruntez bidalitako lanak ziurtatutako gutunean bidali beharko dira, eta Xabier Lizardi Literatur Sarirako direla adierazi beharko dira. 2015eko urtarrilaren 12an amaituko da lanak aurkezteko epea. Zarauzko Udaleko Kultura Sailera bidali beharko dira horiek: Sanz Enea kultur etxera (Nafarroa kalea, 22) edo korreo elektronikoz, kultura@zarautz.org helbidera. Emaitza, otsailean Otsailean emango du jakitera erabakia epaimahaiak. Ondoko idazleak izango dira epaileak: Jesus Mari Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Iñaki Friera eta Ramon Olasagasti. Horiez gain, udal ordezkari batek ere hartuko du parte epaimahaian. Horrek gaiak bideratuko ditu, eta gainontzekoek izango dute lehiaketaren irabazlea zein den erabakitzeko ahalmena. Sari bakarra emango du epaimahaiak, 3.700 eurokoa, eta irabazlearen lana argitaratu egingo du Zarauzko Udalak. Zehazki,  2.500 ale argitaratuko ditu sari banaketaren egunean, hau da, 2015eko apirilean. Era berean, saritutako lana digitalki argitaratzeko eskubidea izango du udalak, liburu elektronikoetarako. Zentzu horretan, erakundeak izango ditu saritutako lanaren egile eskubideak hurrengo hamar urteetarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide