Mari Jose Mujika: "Desfilea herriko merkataritzari bultzada emateko modua dela uste dut"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko azaroaren 12a

[caption id="attachment_116305" align="aligncenter" width="300"]Orioko Fashion Weeken parte hartuko du Mari Jose Mujikak (Aiora Larrañaga/Hitza). Orioko Fashion Weeken parte hartuko du Mari Jose Mujikak (Aiora Larrañaga/Hitza).[/caption] Mari Jose Mujikak (Orio, 1960) iaz hartu zuen parte lehen aldiz Orio Fashion Week egitasmoaren moda desfilean. Esperientzia gustatu, eta aurten ere oholtza gainera igoko da larunbat arratsaldean. Nolatan animatu zinen iaz desfilean parte hartzera? Orio`s Shop arropa dendako neskak egin zidan proposamena. Herriarentzat egitasmo aberasgarria zela iruditu zitzaidan, eta horregatik animatu nintzen. Desfilea herriko merkataritzari bultzada emateko modua dela uste dut. Zer moduzko esperientzia izan zenuen iaz? Oso esperientzia ona izan zen, eta horregatik animatu naiz aurten ere desfilean parte hartzera. Hasieran, oholtza gainera atera baino lehen urduritasun uneak ere pasatzen direla aitortu behar da. Hala ere, jende aurrera atera eta herritarren txalo zaparradak eta animo oihuak entzuten direnean, urduritasuna alde batera uzten da eta uneaz gozatzen da. Oso gustura sentitu nintzen Denek ez dakite desfilatzen. Nola prestatzen zarete desfilerako? Lehenik eta behin, dendariarekin batera arropa aukeratzen dugu; dendariaren gustua eta desfilatu behar duenarena hartzen dira kontuan, desfilatu behar duenak ere eroso sentitu behar baitu jantzita daraman arroparekin. Horretaz gain, aurreko astean entsegu txiki bat egiten da musikaren erritmora nola desfilatu jakiteko, eta ekitaldiaren nondik norakoak zehazteko. Egunean bertan, berriz, 14:30ak aldean entsegu orokorra egingo dugu, 18:00etarako dena prest izateko. Egun gutxi falta dira desfilerako, urduri al zaude? Ni neu eguna iritsi arte lasai egoten naiz. Egunean bertan jartzen naiz urduri. Dena dela, denok berdin egoten gara, denok herrikoak gara, ezagunak, eta desfilea ikustera etortzen direnak ere oriotarrak direnez, giro ederra sortzen da denon artean. Aurten, gainera, ikusle gehiagorentzat tokia izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide